Siriako matxino taldeek eraso diotela salatu du Libanoko armadak
Libanoko armadak salatu du Siriako matxino talde batek bi herrialdeen arteko mugako postu bati eraso diola. Zauriturik ez dela egon erran du armadak. Armadaren buruzagitzak ohar batean argitaratu duenez, FSA Siriako Armada Askeko talde bat Libanoko Ersal herrira hurbildu da, Bekaa haranean, eta postu militarrari eraso dio. Libanoko militarrak erasotzaileei mugaraino jazarri zaizkiela erran du armadak. Azken astean matxinoek Libanoko armadaren aurka egindako bigarren erasoa izan dela erran dute militarrek. «Armadak ez dio alde bakar bati ere utziko Libanoko lurraldean sartzen, ondoko herrialdeetako gatazkak bertara ekartzeko», erran du armadaren buruzagitzak ohar batean. Izan ere, Libanoko agintariek maiz salatu dute Siriako armadak ere muga gurutzatu izan duela, edo bertze aldetik tiro egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu