Siriako oposizioak barregarri iritzi dio erregimenak onartu berri duen alderdien legeari

NBEk gaitzetsi egin du Bashar Al Assaden erregimena egiten ari den errepresioa, baina ez dio zigorrik ezarri; Libanok ez du testua sinatuArmadaren tankeak Hamako erdigunera sartu dira, eta gutxienez 45 lagun hil dituzte

2011ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Manifestariak baretu nahian, alderdi berriak sortzea ahalbidetzen duen legea onartu du Siriak. Martxoan hasitako protestetako aldarrikapenetako bat da, baina dekretuak ez du izan ez zibilen ez nazioartearen oniritzirik. Izan ere, Damaskok entzungor egin dio NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak asteazkenean errepresioaren aurka kaleratutako adierazpenari, eta Bashar Al Assaden armadak zibilak hiltzen jarraitzen du.

Lege honen arabera, herritarrek alderdi politikoak eratzeko eskubidea izango dute. Erregimenaren arabera, neurri honekin bizitza politikoa aktibatu nahi dute, eta herritarren parte hartzea areagotu. Sortzen diren alderdiak «demokrazian eta bide baketsuetan» oinarritu beharko dira. Horrez gain, «Konstituzioa eta herritarren eskubide eta askatasuna errespetatu beharko dituzte». Al Assaden erregimenak errepresioa inoiz baino gehiago gogortu duenean lege hau onartu izanak, ordea, ironia puntu handia du.

Gainera, alderdiak osatzeko bete beharko dituzten baldintzekezbaian jartzen dute legeak demokrazia bultzatu nahi izatea. Besteak beste, gutxienez mila lagunek osatu beharko dute, eta Siriako probintzia erdietakoak izan beharko dute. Gainera, gobernuko batzorde bat izango da alderdiak onartu edo atzera botako dituena.

Alain Juppe Frantziako Atzerri ministroaren hitzetan, «probokazio hutsa» da alderdien legea, eta sinesgarritasun gutxi du; «momentu honetan dekretuek ez dute balio, ekintzak nahi ditugu, eta lehenbizikoa manifestarien aurkako indarkeria amaitzea da». Franco Frattini Italiako Atzerri ministroa ere ez du konbentzitu lege berriak; «alderdien sorrera bultzatzea ez da nahikoa zibilei tiro egiten jarraitzen badute. Gainera, ikusi egin beharko da nola osatuko dituzten alderdiak eta zenbateraino utziko dieten aurrera egiten».

NBEren adierazpen bateratua

Bi hilabete behar izan ditu NBEk adierazpen bateratua lortzeko, eta, gainera, ezin izan dute zigorra ezartzeko ebazpenik adostu —adierazpen soilak baino ondorio juridiko gehiago edukiko lituzke—. Giza eskubideak urratzea eta zibilen aurka indarkeriaerabiltzea gaitzetsi dute testuan, besteak beste. EB Europako Batasuna, berriz, Siria zigortzeko bilerak prestatzen ari da bosgarrengoz.

Ekainean aurkeztu zuten Damaskoren aurkako zigor ebazpenerako proiektua, baina Errusia, Txina eta beste herrialde batzuek ez zuten testua onartu. Barne desadostasunak zirela medio, NBEetengabe atzeratuz joan da Siriako errepresioaren inguruko adierazpena. Ramadanaren hasierarekin batera armadaren errepresioa nabarmen hazi denez, ordea, nazioarteak presio egin dio Segurtasun Kontseiluari, eta hiru egunez bildurik egon ondoren kaleratu dute adierazpen bateratua.

Bileretan parte hartu duten hamabost herrialdeen artetik, Libano izan da adierazpenari lotu ez zaion herrialde bakarra. «Gu ez gara Siriako kontuetan sartzen, eta haiekin ahalik eta harreman onena izan nahi dugu», adierazi du Txakib Cortbaui Libanoko Justizia ministroak. NBEren arabera, Siriako egoerak eragin handia izan dezake Libanoren egonkortasunean, protestek muga zeharkatzearen beldur baitira.

Libanoko oposizioa, ordea, ez dator bat Beirutek hartu duen erabakiarekin. Elie Maruni parlamentaria, esaterako, harriturik agertu da; «askatasun eske ari diren Siriako herritarren alde daude libanoarrak, baina gobernuak ez du hori kontuan izan». Mohamad Hajjar diputatuak ere desadostasuna erakutsi du, eta «siriarren itxaropenak eta xedeak zapuztea» egotzi dio gobernuari.

Errusiak ere eragozpenak jarri izan ditu adierazpen bateratua egiteko garaian, baina azkenean onartu egin du, testuak Siriako «subiranotasuna, independentzia eta lurraldetasuna» babesten dituelako. Izan ere, Moskuren ustez Siriako egoera nazioartearen esku hartzerik gabe konpondu behar da. Hala, Al Assaden erregimenaren aurkako zigorrak ezartzearen aurka agertu da, Txinaren antzera. Hori izan da Segurtasun Kontseiluaren adierazpena atzeratzearen arrazoietako bat. Eta, hain zuzen, Errusiak eta Txinak zigorra ezartzearen aurka duten jarreragatik kaleratu dute azkenean adierazpen bateratua, eta ez zigor ebazpena. Dena den, Alain Juppe Frantziako Atzerri ministroak adierazi duenez, datorren astean berriro bilduko dira New Yorken, zigor ebazpen bat kaleratzea lortzeko.

Amnesty International giza eskubideen aldeko erakundeak salatu du NBEren adierazpena «motz» geratu dela eta «erabat desegokia» dela; «lau hilabeteko errepresio bortitzaren inguruan Segurtasun Kontseiluak egin dezakeen onena legezko ondoriorik izango ez duen adierazpen ahul bat kaleratzea bada, erabat etsigarria da». Hala, gutxienez erregimenari armak kentzeko eta Al Assaden dirua blokeatzeko eskatu dio AIk NBEri.

Hama, setiaturik

Ez dirudi Segurtasun Kontseiluaren adierazpenak eragin handirik izan duenik Bashar al Assaden erregimenean, asteburuan hasitako jazarpen gogorrarekin jarraitzen baitu buru-belarri. Ramadana hasi eta laugarren egunean, erregimenak zibilak hiltzen jarraitzen du. Azken orduetan, gutxienez 45 pertsona hil dituzte.

Armadako tankeek Hama hiriaren erdigunera iristea lortu dute. Erregimenaren aurkako sinboloa izan da Hama protestak hasi zirenetik, eta azken egunotan armadaren helburu nagusia —bost egun daramatzate setiaturik—. Ura eta argindarra moztu dituzte, komunikazioa eten dute eta bonbardaketak eguneroko ogia bihurtu dira. Janari eta sendagaien gabezia ere badute.

Lekukoen arabera, frankotiratzaileak daude teilatuetan, eta hiritik ihes egiten saiatzen den edonori egiten diote tiro. Armadak legez kanpoko gasak erabiltzen dituela ere salatu dute. Giza eskubideen aldeko erakundeen arabera, ehun zibil inguru hil dituzte hirian igandetik hona. Handik ihes egitea lortu dutenen arabera, ordea, 300 inguru dira hildakoak. Siriako Giza Eskubideen Batzordeak salatu duenez, gainera, astelehenean Hamako espetxeko hainbat preso exekutatu zituzten, manifestazioetan atxilotutakoak. Dena den, zaila da informazioa egiaztatzea, komunikabidek galarazita baitaukate herrialdean sartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.