Siriako erregimenaren kontrako matxinadaren bihotzean izan dira Arabiar Ligak bidalitako behatzaileak: Homsen, Baxar al-Assaden errepresio gogorrena jaso duen hirian. Han ikusi ahal izan dutena, ordea, ez da errealitatea, oposizioak salatu duenez. Behatzaileak bertara iritsi aurretik armadak zazpi zibil hil zituen Homsen atzo goizean —herrialde osoan gutxienez 25 lagun hil zituen—, Herri Koordinaziorako Batzordeen arabera. Arabiar Ligaren ordezkaritza iristerako, baina, ez da aurreko egunetan hiria hartuta eduki duten tankeen arrastorik geratu. «Tanke askooraindik Baba Amr auzoan daude, baina armada gobernuaren egoitzetan ezkutatzen ari da. Bilera areto batean ere sartu dute bat», azaldu du Rami Abdelrahman-ek, Siriako Giza Eskubideen Behatokiko kideak. Nolanahi ere, ezinezkoa da Siriatik datorren informazioa egiaztatzea, erregimenaren erabateko itxitura informatiboa dela eta.
Hamabi edo hamabost kide inguruk osatutako taldea bidali du Arabiar Ligak Siriara, Sudango jeneral Mohamed Ahmad Mustafa Dabi buru dutela. Al-Assaden gobernuarekin hitzartutako bide orria betetzen ari diren ziurtatu behar dute behatzaileek datozen asteetan; borrokak amaitzea eta armada kaletik ateratzea biltzen du, besteak beste, akordioak.
Damaskok, printzipioz, mugitzeko askatasun osoa emango diela zin egin die Arabiar Ligako ordezkariei, baina erregimenaren esku daude behatzaileen garraioa zein segurtasuna. Datozen egunetan ere jarraituko du bisitak, eta lehenengo egunean Homseko gobernadore Ghassan Abdel Alekin egin dute bilera.
Siriako Gobernua «oso lagungarria» izaten ari dela nabarmendu du Mustafa Dabik, eta ospitaleetan, espetxeetan eta atxiloketa zentroetan «askatasun osoz» ibiltzea espero dutela gaineratu du. «Egunean bertan esango diegu Siriako agintariei zein eremu bisitatu nahi dugun. Beraz, ez dute bertako errealitatea aldatzeko astirik izango».
Halere, Emad Hosary Herri Koordinaziorako Batzordetako kidea ez da fio. Behatzaileek ez dute sartu nahi errepresioak gogorren jo dituen Homseko auzoetara, erregimenak, beldurtzeko, esan dielako segurtasuna ezingo diela bermatu. «Horrela lan egiten jarraitzen badute, azkenean Arabiar Ligak erregimenaren aldeko txostenak idatziko ditu», salatu du Hosaryk. Siriako ekintzaileek sarean jarritako atzoko bideo batean, gizonezko bat ikus daiteke behatzaile bati jakatik helduta, Baba Amr auzora joateko eskatuz, frankotiratzaileen aurrean eskuan armarik gabeko biktimak daudela ikus dezan; hizketan ari diren bitartean, gainera, tiro hotsak entzuten dira inguruko kaleetan. Behatzaileak, baina, erantzun dio adierazpenak egiteko eskumena duen bakarra misioko arduraduna dela.
Manifestazioa, babes eske
Behatzaileak iritsi diren egun berean 70.000 manifestari inguru atera dira kalera Homsen, eta armadak negar gasa jaurti die bidea eragozteko. Hiriko Jalediya, Baba Amr eta Al-Maidan auzoetatik abiatu dira manifestariak, eta Hurriyah plazan bildu dira denak. Martxarekin batera, azken egunetan hildako hainbat lagunen hiletak ere egin dituzte. Al-Assaden kontra protesta egiteaz gain, «nazioarteko babesa» eskatu diete Arabiar Ligako behatzaileei. Hama hirian ere, Homsetik 50 kilometro ingurura, erregimenaren kontrako martxa bat egin dute herritarrek, baina armadak indarra erabiliz desegin du. Ain Baida Turkiako mugatik gertuko hirian ere istiluak izan dira manifestarien eta segurtasun indarren artean: lagun bat hil eta beste hiru zauritu ditu armadak. Siriako Sana informazio agentzia ofizialaren arabera, «Turkiako talde terrorista bati muga igarotzen laguntzen ari ziren terroristei» egin die aurre armadak.
Bereziki gogorra izan da Al-Assaden kontrako borroka Homs hirian, eta erregimenak han darabilen errepresioa ere bereziki latza da. Siriako Kontseilu Nazionalak probintzia «hondamen eremu» izendatzeko eskatu zion NBE Nazio Batuen Erakundeari, nazioarteko laguntza jaso ahal izateko. Oposizioko erakundearen arabera, azarorako armadak 1.400 lagun inguru hil zituen Homsen. Iragan abenduaren 19an Arabiar Ligarekin konponbiderako bide orria sinatu arren, odol jarioaetengabea izan da egunero Sirian, eta, NBEren arabera, protestak hasi zirenetik 5.000 lagun inguru hil dira herrialdean.
Deia Segurtasun Kontseiluari
Bien bitartean, Siriako Kontseilu Nazionaleko buru Burhan Ghaliounek «tragediari amaiera bat jartzeko eskaria» egin die NBEri eta Arabiar Ligari. «Behatzaileak Homsen daude, baina diote ezin dutela agintariek nahi ez duten lekuetara joan». Horregatik, Arabiar Ligaren plana bere gain hartzeko eta hura gauzatzea bermatzeko eskatu dio NBEko Segurtasun Kontseiluari. «Krisi hau konpontzeko plana ona da, baina ez dut uste Arabiar Ligak sinatutakoa eginarazteko indarrik duenik. Hobe da planaren ekimena Segurtasun Kontseiluak izatea, eta hura gauzatzeko bitartekoak ezartzea».
Dena den, oposizioko talde guztiak ez datoz bat eskariarekin. Izan ere, Koordinazio Nazionalerako Batzordea,oposizioko beste talde nagusia, atzerriko esku hartzearen kontra dago; nahiago duerregimenarekin hitz egin, hark zenbait baldintza betez gero.
Siriako oposizioak behatzaileen «askatasun falta» salatu du
Arabiar Ligako ordezkaritza Homsen egon da; baina, oposizioaren arabera, ez da armadak gehien zigortutako auzoetan sartuHiriko 70.000 lagun inguruk manifestazioa egin dute, «nazioarteko babesa» eskatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu