Siriako oposizioan Al-Qaeda sartu da, AEBen arabera

Washingtonek dio Sirian ez dagoela «mugimendu nazional bat» Siriako Kontseilu Nazionala egon arren

Erredakzioa
2012ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Siriako erregimenak Al-Qaedari egotzi zion iragan hilaren 10ean Alepo hirian egindako atentatua —25 lagun hil ziren—, eta behin eta berriz salatu du erakunde hori dagoela oposizioko indarren artean. Alepoko atentatutik egun batera, Ayman al-Zawahiri Al-Qaedako buruak erregimenaren aurka jotzeko asmoa agertu zuen. Esanguratsua da, ordea, handik astebetera Siriaren etsai handiak, AEBek, Al-Qaedako kideak oposizioko taldeetan daudela adierazi dutela. «Al-Qaeda bere presentzia bermatu nahian ari da han», adierazi du Leon Panetta Defentsa idazkariak.

James Claper Inteligentziako zuzendari nazionalaren arabera, «muturreko militanteak» sartu dira oposizioko taldeetan. Claperrek dioenez, Al-Qaeda Iraketik sartu da Siriara. Irakeko Gobernuak berak ohartarazi du hil honetan hainbat miliziano Siriara joan direla antzeman duela.

Oposizioari buruz, berriz, Inteligentziako zuzendari nazionalak dio ez dagoela «mugimendu nazional bat». «Siriako Kontseilu Nazionalaren barnean biltzen diren arren, anitz atzerritik datozen erbesteratuak dira». Siriako Armada Librearen inguruan, hainbat talde biltzen dituen «izen generiko bat» dela dio Claperrek, eta borrokaren zuzendaritza lortzeko elkarrekin borrokan dabiltzala. Frantziak eta Erresuma Batuak elkartzeko deia egin diete Siriako oposizioko taldeei. «Ez dugu utziko diktadore batek bere herria sarraskitu dezan, baina iraultza ez da kanpotik etorriko».

NBEren gaitzespena

Hain zuzen, nazioartean Baxar al-Assaden erregimenaren aurka egindako azken ekinaldia NBE Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusien gaitzespena izan da: 137 herrialdek bozkatu zuten gaitzespenaren alde, eta Arabiar Ligaren plana betetzeko eskatu zioten. Batzar Nagusien erabakia, baina, sinbolikoa da, eta ez du ondorio eragilerik. Hamazazpi herrialdek abstentzioa eman zuten, eta hamabik aurka bozkatu zuten, horien artean Errusiak eta Txinak —biek betorako ahalmena dute Segurtasun Kontseiluan—. Moskuren ustez, Siriako gatazkaren irtenbidea «kanpotik» ezarri nahi dela islatzen da ebazpenean. Hilaren 24an Siriaren Lagunak izeneko taldea bilduko da Tunisian. AEBak, Errusia eta Txina han izatekoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.