Baxar al-Assad Siriako presidenteak amnistia orokor bat onartu du, atzoko eguna baino lehen, «krimenak egin dituzten preso guztientzat». Hala ere, «terrorismoa», eta arma eta droga trafikoa leporatuta espetxeratutakoak kendu ditu amnistia horretatik. Iazko martxoan gobernuaren aurkako matxinada hasi zenetik, hainbat amnistia mugatu eman ditu Al-Assadek. Aitzinekoa iragan urtarrilean eman zuen. Oraingo azkena, Lakhdar Brahimi NBE Nazio Batuen Erakundeko eta Arabiar Ligako mandatari bereziaren bidaiaren azken egunean eman du. Gobernuaren eta matxinoen artean etziko su-eten bat hitzartzen saiatu da Brahimi, Eid al-Adha musulmanen besta dela eta. Inoren konpromisorik lortu gabe utzi du Siria.
Al-Assadek onartutako amnistiaren arabera, heriotza zigorra daukatenek bizi osorako espetxe zigorrarekin edo behartutako lanak izanen dituen «espetxealdi luze batekin» aldatu ahal izango dute. Bizi osorako espetxe zigorra, berriz, lan behartuak dituen hogei urteko kartzelaldiarekin, eta «espetxealdi luzeko zigorrak», hogei urterekin. Terrorismoaren aurkako legearen arabera zigortutakoak salbuetsi dituenez, preso hartutako matxino gehienak ez ditu askatuko Al-Assadek.
Frantziari salaketa
Hain zuzen, Siriako Atzerri Ministerioak Frantziari egotzi dio «talde terroristak» laguntzea, eta hori «aitzineko gobernu kolonialen oinordekotza» dela erran du. Turkiako mugan, berriz, tentsioa ez da baretzen. Turkiako hedabideen arabera, Siriatik jaurtitako bonba batek Reynhali herriko osasun etxe bat jo zuen atzo. Soilik kalte materialen berri eman dute.
NBEk gatazka luzerako izan litekeela iragarri du, Munduko Elikagaien Programaren giza laguntzarako operazioak heldu den ekainera arte luzatu baititu Sirian. «Hobe da prest egotea, inprobisatzen aritzea baino», adierazi du Ekialde Hurbilerako programaren arduradun Daly Belgasmik.
Siriako presidenteak bertze amnistia mugatu bat onartu du
Lakhdar Brahimi mandatari bereziaren bisitaren azken egunean eman du barkamena Baxar al-Assadek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu