Siriako presidente Bashir al Assadek atzo gogor erantzun zienAEBetako presidente George Bushek eta haren gobernuko kide batzuek Damaskori eginiko akusazioei. Bushek berriki salatu zuen Siria Iraken indarkeria bultzatzen ari dela, baina hori gezurtatu egin zuen Al Assadek. «Siriari inori baino gehiago interesatzen zaio Iraken segurtasuna. Bi herrialdeok [Siria eta Irak] nahi dugu bion segurtasuna; bati kalte egiten dionak besteari ere egiten dio kalte».
Irakeko presidente Jalal Talabanik Damaskora eginiko bisitan -30 urtetan Irakeko presidente batek eginiko lehena- egin zituen adierazpenok Al Assadek. Talabanik esker ona adierazi zion Siriari, Saddam Husseinen garaian oposizioari emandako laguntzagatik.
Bestalde, Irango presidente Mahmud Ahmadinejadek igandean esan zuen «munduko zeinahi tokitan» sostengatuko dituela independentziaren aldeko taldeak.
Munduko pobrezia eta indarkeriaren errua «potentziei» egotzi zien. «Harrokeriaren aurka munduko edozein bazterretan esnatzen ari direnei» laguntza emateko prest azaldu zen.
Igandean ere, AEBetako presidenteorde Dick Cheneyk eta Segurtasun Nazionaleko kontseilari Stephen Hadleyk esan zuten Siriak eta Iranek Iraken dabiltzan ekintzaileak sostengatzen dituztela. Joan den ostegunean Teheranek Irbilen (Kurdistan) duen kontsulatuari AEBek eginiko erasoa eta bost diplomatikoren bahiketa defendatu zituen Hadleyk.
Iranek «terroristatzat» jo zuen AEBek eginiko erasoa, immunitate diplomatikoa eta nazioarteko legeria urratu zituztela salatuta. Irakeko Atzerri ministro Hoshiar Zebarik «misio diplomatiko zilegia» iritzi zion Iranen kontsulatuari, eta bost diplomatikoak askatzeko eskatu zien AEBei.
Siriako presidenteak gezurtatu egin du Iraken indarkeria bultzatzen ari dela
AEBek salatu dute Siriako eta Irango gobernuek Irakeko erresistentzia laguntzen ari direla
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu