Al-Arabiya telebistan, Siriako Armada Askeko Iraultza Kontseilu Goreneko bozeramaile Luay al-Miqdadek jakinarazi du Faruk al-Xaraa presidenteordeak desertatu eta Jordaniara ihes egin duela. Talde matxinoaren arabera, Al-Xaraak ostegunean utzi zuen kargua eta ez du bere desertzioa jakinarazi nahi izan Jordanian egon arte. Presidenteordetzako bulegoak, ordea, berehala gezurtatu du informazioa, eta ohar baten bidez jakinarazi du Al-Xaraak karguan jarraitzen duela eta ez duela «pentsatu ere egin» inora ihes egiterik. Desertzioa ezeztatzeaz gain, Al-Xaraaren izenean igorritako oharrean, onespena eman diote Lakhdar Brahimi NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren mandatari berezi berriari. Segurtasun Kontseiluari, berriz, «batasun jarrera» izateko eskatu dio presidenteordeak, «Brahimik bere egitekoa oztoporik gabe bete dezan».
Brahimi, Aljeriako diplomazialaria, duela hiru egun izendatu zuen NBEk Siriarako mandatari berezi, eta irailaren 1ean ekingo dio Kofi Annanen ordezko lanari. Hain justu, Annanen bake plana betetzen zela egiaztatzeaz arduratzen zen behatzaileen misioa bart gauerdian amaitu da, eta behatzaileak irten dira dagoeneko Siriatik. «Indarkeriaren gorakadaren ondorioz», ostegunean erabaki zuen Segurtasun Kontseiluak misioa uztea. Horren ordez, gatazkaren konponbidea bultzatzeko eta giza laguntza bideratzeko NBEko bulego politikoa ezarriko dute orain.
Nazioarteko hainbat ordezkarik ongietorria eman diote Brahimiren izendapenari. Europako Batasuneko diplomazia buru Ca-therine Ashtonek, esaterako, «erabateko babesa» hitzeman dio Siriako gatazka «modu baketsuan» konpontzen saiatzeko. Hala ere, ohartarazi du gatazkako edozein alderen gehiegizko militarizazioak «sufrimendua» ekarriko diela herrialdeari eta herritarrei. AEBetako estatu idazkari Hillary Clintonek ere ongietorria eman dio Brahimiri, eta adierazi dio Washington prest dagoela «elkarlanerako akordio bat egiteko».
Errusiako Gobernua ere pozik agertu da izendapenarekin, eta adierazi du «Annanen bide orriari» jarraipena ematea espero duela. Hala ere, Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek azpimarratu du su-etena «ezinbestekoa» dela. Lavroven hitzetan, «elkarrizketa politikoek ez dute behar besteko emaitzarik lortuko indarkeriak etenik ez duen artean». Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaile Qin Gangek ere adierazi du hautagai «egokia» dela Brahimi mandatari berezia izateko eta Pekinek gogotik babestuko duela. Siriako Gobernuaren mandatari berezi Buthaina Xaaban joan den ostegunean bildu zen Yang Jiechi Txinako Atzerri ministroarekin, eta Errusiako ordezkarien bide beretik, Jiechik ere adierazi zuen «berehalako su-etena» behar dela Sirian.
Harreman taldearen beharra
Bestalde, Irango Gobernuak onartu egin du Mohamed Mursi Egiptoko presidenteak «Ekialde Hurbileko gatazka» konpontzeko harreman taldea sortzeko egindako proposamena. Irango Atzerri ministro Ramin Mehmanparastek adierazi du Turkiak, Saudi Arabiak, Egiptok eta Iranek osatutako taldeak «Siriako tentsioa baretzeko eta bakea ezartzeko» balioko lukeela. Hain justu, Teheran da Baxar al-Assad Siriako presidentearen aliatu nagusia. Turkiak eta Saudi Arabiak, berriz, Al-Assaden aurkako oposizioko erreboltariak babesten dituzte.
Bitartean, armadaren eta talde matxinoen arteko borrokek ez dute etenik, eta oposizioko erreboltariek jakinarazi dute ehun lagunetik gora hil zituztela atzoko istiluetan. Herri Koordinaziorako Batzordeek salatu dute hildako herritarretako 40ren gorpuak Damasko ondoko Al-Tal herrian aurkitu dituztela. Oposizioko kideek salatu dute Siriako armadak «indartu» egin duela erreboltarien esku dauden Halabeko auzoen aurkako erasoaldia.
Siriako presidenteordeak Jordaniara ihes egin du, oposizioaren arabera
Gobernuak ukatu egin du Faruk Al-Xaraak desertatu duela, eta adierazi du karguan jarraitzen duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu