Erreforma politikoak exijitzeko eta egunotan Dara hirian segurtasun indarrek hil dituzten oposizioko kideak omentzeko manifestazioak egin dituzte Siriako hainbat hiritan. Atzo ere tiroz erantzun zuten Bashar al Assad presidentearen segurtasun indarrek, eta Daratik 40 kilometrotara dagoen Sanameinen hainbat lagun hil zituzten. Lekukoek hogei inguru direla diote, gobernuak, berriz, hamar hildako onartu ditu.
Asteazkenean ere segurtasun indarrek tiroka erantzun zieten Daran presidentearen kargugabetzea eskatzen zutenei. Hainbat iturrik hildakoak ehundik gora direla diote. Horien omenez manifestazio baketsua egin zuten atzo Daran. Polizia ez zen protestetan agertu arratsaldera arte, baina, hainbat gazte Hafez al Assaden, egungo presidentearen aitaren, estatua bat erretzen saiatu zirenean segurtasun indarrak gogor oldartu zitzaizkien. Tiroka hasi ziren eta Al Jazeera telebista kate arabiarraren arabera, hainbat lagun zauritu zituzten. Lekukoek hildako bat egon daitekeela diote.
Darako gertakariek oihartzuna izan dute herrialdeko beste hainbat hiritan. Sanameinez gain, beste hainbat lekutan ere bilkurak egin zituzten, atzo. Damasko hiriburuan, esaterako, 200 bat lagun bildu ziren. Poliziak manifestazioa desegin zuen eta hainbat lagun atxilotu zituen.
Hamako gertakariak gogoan
Hama hiri sinbolikoan ere hainbat herritar bildu ziren Darako manifestariei babesa eskaintzeko. Hain justu, egunotako Darako gertakariek 1982an Haman jazotakoa ekarri dute gogora. Hafez al Assadek, orduko presidenteak, Anaia Musulmanek hasitako iraultza zapaltzeko hilketa bortitza egin zuen bertan. Segurtasun indarrek haren aginduz milaka lagun hil zituzten. Oraindik hildakoen kopurua argi ez badago ere 10.000 eta 38.000 artean izan zirela diote.Agintari arabiar batek bere herriaren aurka eginiko sarraskirik handiena, hain justu. Hilketa harekin Anaia Musulmanek zuten indarra murriztu zuen Assadek, baina gehiengo sunitaren baitan gutxiengo alauiarekiko gorrotoa ere indartu zuen.
Gertakarien bertsio partikularra eskaini du Gobernuak. Protestak «terroristek» sustatu dituztela dio eta kalera jo dutenak, aldiz, Gobernuaren neurriak txalotzera atera direla gaineratu du. Izan ere, herenegun, erreformak iragarri zituen Assadek; besteak beste, 1963tik indarrean dagoen larrialdi legea baliogabetzea.
Protestak herrialde arabiarretan
Siriako segurtasun indarrek hainbat lagun hil dituzte tiroka protestetan
Daratik gertu dagoen Sanamein hirian jazo diren liskarretan hamar lagun hil direla onartu du gobernuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu