Siriako su-eten ahaleginak huts egin ostean, bilera sorta bati ekin dio Brahimik

NBEren mandatari berezia Errusiarekin bildu zen astelehenean, eta Txinarekin datozen egunetan elkartuko da

Arnaitz Lasarte.
2012ko urriaren 31
00:00
Entzun
Sirian igaro den ostiraletik herenegun arte deitutako su-etenak huts egin ondoren, beste bilera sortaa bati ekin dio Lakhdar Brahimi NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren mandatari bereziak. Herenegun, Errusiarekin bildu zen, eta datozen egunetan Txinarekin bilduko da. Mendebaldeko herrialdeekin aurrez aurre daude bi herrialde horiek, Siriako auzian. Txinak eta Errusiak betoa jarri zioten uztailean Siriako gatazka konpontzeko Segurtasun Kontseiluan aurkeztu zuten ebazpen proposamenari. Errusiaren arabera, esku hartze militarrari bidea irekikozion ebazpen hark, eta Mosku neurri horren aurka dago.

Siriara bake misio berri bat bidali behar litzatekeela uste du Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak: «Errusiak lan egingo du NBEren behatzaileen misioa Siriara itzultzeko». UNSMIS NBEren Siriako misioak abuztuan alde egin zuen, indarkeria ekintzak ugaritu zirela eta.

Lavrovek adierazi du gatazkari konponbide bat emateko beharrezkoa dela alde guztiekin negoziatzea, baita Siriako Gobernuarekin ere. Elkarrizketa politiko hori abiatzeko NBEri eta Arabiar Ligari laguntzeko prest agertu da Lavrov. Haren ustez, Genevan (Suitza) ekainaren 30ean adostutako agiriari jarraiki eman behar dira pausoak. Segurtasun Kontseiluko kide diren herrialdeek eta Siriarekiko muga duten herrialdeek trantsizio gobernu bat eratzea proposatu zuten agirian. Balizko gobernu hori Baxa al-Assaden gobernuko kideek eta oposiziokoek osatuko lukete.

Ahmet Davutoglu Turkiako Atzerri ministroaren ustez ere, Sirian trantsizio gobernu bat eratzea ezinbestekoa da, eta «berehala» esku hartu behar da horretarako. Turkiak baztertu egiten du , ordea, Damaskorekin hitz egitea: «Ez du zentzurik Siriako Gobernuarekin elkarrizketa bat edukitzeak, bere herritarren aurkako sarraskiak egiten segitzen duen bitartean».

Davutogluk salatu du su-etenak iraun bitartean Siriako armadak bonbardaketekin jarraitu duela. Adierazi du Turkia ahaleginetan ari dela Siriako gatazka amaitzeko, eta azken egunetan, hainbat herrialderekin bildu dela auziaz hitz egiteko; besteak beste, Errusiarekin, Iranekin eta Egiptorekin. «Mundu guztiak pausoak ematea espero dugu, eskuak odolez zikinduta ez dituzten pertsonek trantsizio gobernu bat osatu dezaten».

Armadako jeneral bat hil dute

Brahimik bultzatutako su-eten akordioak ez du fruiturik eman, eta Siriako armadaren eta matxinoen arteko borrokek ez dute etenik izan azken egunetan. Sana Siriako agentzia ofizialak jakinarazi duenez, herenegun Damaskon hildakoen artean dago Abdullah al-Khalidi aire armadako jenerala. Egoitza Londresen duen Siriarako Giza Eskubideen Behatokiak atzo baieztatu zuen Al-Jalediren heriotza.

Oposizioko Herri Koordinaziorako Batzordearen arabera, su etenaren azken egunean ehundik gora lagun hil dira Sirian izandako hainbat erasotan. Horietatik gehienak, Damaskon bertan. Oposizioko taldearen arabera, Al-Hajar eta Jaramana auzoetan zartarazitako bi lehergailuk 50 hildako inguru eragin dituzte.

Aid al-Adha ospakizunaren lau egunetan, 400 lagun inguru hil dira, oposizioaren arabera. Su-eten saiakerak huts egin ostean, elkarlanerako deia egin du Brahimik: «Gerra zibila amaitu behar da. Egoera zailtzen ari da, eta nazioarteak bat egin behar du Siriako herritarrei laguntzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.