Siriako talde armatu batzuek gerra deklaratu diete Al-Qaedari lotutakoei

Irakeko eta Sortaldeko Estatu Islamikoaren aurka hasitako erasoaldia goraipatu egin du NCSROF oposizioko koalizio nagusiakOposizioak urtebetean erabat aldatu du Al-Qaedaren inguruko taldeekiko jarrera

mikel rodriguez
2014ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Siriako Gobernuaren aurkako matxino taldeak elkarren aurkako borroketan murgildu dira azken egunetan, herrialdearen iparraldean eta ipar-mendebaldean. Mujahidinen Armada izeneko taldeak ISIL Irakeko eta Sortaldeko Estatu Islamikoari gerra deklaratu ondoren lehertu dira borrokak, Alepo eta Idlib probintzietan. Fronte Islamikoak eta FSA Siriako Armada Askeak ere bat egin dute ISILen aurkako erasoaldiarekin. NCSROF Siriako Iraultzaileen eta Oposizioaren Koalizio Nazionalak ere babes osoa eman dio talde matxino horiek ISILen aurka hartutako bideari. Urte bukaerako gertakariei jarraikiz, Siriako Gobernuaren aurkako talde armatuak bitan banatzeko estrategia bati heldu dio oposizioak, Al-Qaedari leialtasuna agertu zioten taldeak inoiz baino argiago etsaitzat markatuz.

Erasoaldiaren ekinbidea hartu duten talde nagusiak islamistak dira, eta horietako batzuek Sirian xaria lege islamikoa ezartzea dute helburu, Al-Qaedari lotutakoek bezala. Mujahidinen Armada, adibidez, urtea hastearekin bat sortu dute Alepo probintziako bederatzi talde islamistak. Azaroan, bertze zortzi taldek sortu zuten Fronte Islamikoa. Ingalaterratik jarduten duen Siriarako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera, fronte horrek herenegundik ISILeko 36 kide hil ditu Idliben, eta Mujahidinen Armadarekin eta FSAko Siriako Iraultzaileen Frontearekin batera «ISILen kontrolguneak, baseak eta armategiak» hartu ditu Alepon eta Idliben. NCSROF koalizioak eraso horiek goraipatu ditu. «Nazioarteak indar iraultzaileak adiskidetzat hartu beharko lituzke bai Al-Qaedaren, bai Al-Assaden aurkako borrokan».

Urtebetean, ordea, NCSROFek erabat aldatu du bere jarrera. 2012ko abenduan, Moaz al-Khatib orduan NCSROFeko buruzagi zenak adierazi zuen Sirian «erregimena botatzea» bilatzen zuen taldeen aurka inongo neurririk ez litzatekeela hartu behar, eta helburu hori zuten taldeak ezin zitezkeela «terrorista» deitu. Al-Qaedari lotutako Jabat al-Nusra taldea AEBek «terrorista» izendatu ondoren egin zituen adierazpen horiek, eta Washingtoni erabakia berriz aztertzeko eskatu zion. Oposizioko 29 talde zibilek eta armatuk ere agiri bat sinatu zuten AEBen erabakia kritikatzeko.

Mundu osoko gobernu gehienek bezala, Siriakoak ere «terrorista» izendatu ditu bere aurkako talde armatuak. Al-Qaedari lotutakoek erakutsi dute eraginkortasun militar handiena armadaren aurka. Baina armadaren aurka ez ezik, kurduen aurka ere bideratu dituzte ahalegin militarrak, etnia horren lurraldea kontrolpean hartu nahian. Iazko udan, ordea, FSAren eta Al-Qaedari lotutako taldeen arteko lehenbiziko borrokak piztu ziren —bai Jabat al-Nusraren, bai ISILen aurka—. Genevako konferentziarako hiru aste baino gutxiago falta direla, gerra piztu da matxinoen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.