Siriako oposizioko hainbat talde armatuk erakunde bakarra eratu dutela jakinarazi dute, ohar baten bidez. SNA Siriako Armada Nazionala izena eman diote talde horri, eta, jakinarazi dutenez, iragan abuztuaren 28an eta 29an Antiokian (Turkia) egindako bileretan hartu zuten erabakia. Mohamed Hussein hautatu dute SNAko buruzagi. Husseinek adierazi du erakunde berria prest dagoela talde armatuak ez ezik erakunde zibilak ere bere barruan hartzeko, «joera politikoetatik independentea» izanen den buruzagitza bakarra sortzeko.
Erakunde berria sortzeak banaketa eragin du FSA Siriako Armada Askean, berri agentziek diotenez. Alde batetik, Siria barnean dagoen FSAko buruzagitzak SNArekin elkartzea erabaki du, baina atzerriko buruzagitzak, Turkiatik jarduten duenak, baztertu egin du. Riad al-Assad koronelak —FSAko pertsonaia publiko nagusiak— jakinarazi du Antiokiako bileretan egon zela, baina ez dagoela konbentzituta bateratzearekin. Al-Assad koronelaren bigarrenak, Malik al-Kurdik, adierazi du SNAk FSAko buruzagi berak eduki behar lituzkeela, «FSAko kideak izan baitziren lehenak erregimenetik desertatu eta borrokari ekin ziotenak».
FSAk iazko uztailean jakinarazi zuen sortu zela. Adierazi zuen bere kideak Siriako armadako desertoreak zirela, eta oposizioko taldeen arabera, 25.000 soldadu ohik bat egin dute FSArekin.
Hainbat analista eta kazetarik, ordea, baita hedabideetara filtratutako AEBetako agiri ofizialek, zalantzan paratu dute FSA Siria osoan hedatutako talde bateratu eta koherente bat dela. Bertsio horren arabera, antolaketa maila handiagoko eta txikiagoko taldeek erabilitako izena baino ez da, nagusiki.
Siriako Gobernuaren arabera, gainera, borroka armatuan protagonismo nagusia atzerritarrek dute, bai «mertzenarioek», bai ekintzaile islamistek. Horien hedapena zenbaterainokoa den ez dago argi, baina jada alde guztiek onartu dute atzerriko militante islamistak —baita Al-Qaedari lotutakoak ere— Sirian daudela.
Turkia, Saudi Arabia eta Qatar dira oposizio armatuaren babesle nagusiak, baina AEBek, Erresuma Batuak eta Frantziak ere jendaurrean onartua dute sostengua, «laguntza hilgarria» eman dutela ukatu arren. Russia Today kateak Frantziako iturri diplomatiko bat aipatuz azaldu duenez, baina, Paris hegazkinen aurkako armak ematekotan da matxinoei.
Mendebaldeak talde armatuei emandako sostengu horrekin hagitz kritiko agertu da Vladimir Putin Errusiako presidentea. 1980ko hamarkadan AEBek Afganistanen SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren aurka matxinatu ziren islamistei emandakoarekin alderatu du. «Al-Qaeda sortzeko oinarriak paratu zituzten, eta gero AEBen aurka itzuli zen, gainera», adierazi du, Russia Todayri emandako elkarrizketa batean. Putinek erran du «batzuek» Al-Qaedako kideak erabili nahi dituztela Sirian dituzten interesak betetzeko. «Guantanamo hustu eta presoak Siriara bidali beharko lituzkete borrokara, jende bera baitira».
Ezbeharra Turkiako kostan
Turkiako kostan, etorkinak zeramatzan ontzi bat hondoratuta, gutxienez 61 lagun hil dira, eta Siriako oposizioko hainbat taldek erran dute biktimen erdiak Siriako iheslariak zirela. Turkiako iturrien arabera, 104 etorkin zeramatzan ontziak Izmir hirian jo du hondoa, Greziara bidean zihoala. Iturri berberak dio bizirik atera direnek Siriakoak, Irakekoak eta Palestinakoak direla adierazi dietela agintariei.
Siriako talde armatuek erakunde bakarra eratu dutela jakinarazi dute
Turkian bildu ondoren, Siriako Armada Nazionalaren sorrera aldarrikatu dute; Siriako Armada Askea banatu du erabakiakPutinen ustez, «batzuek» Al-Qaeda erabili nahi dute Sirian dituzten interesak lortzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu