Herrialde arabiarretako matxinada. Siria

Siriako zerbitzu sekretuen egoitza bati eraso diote desertoreek

Erregimenaren aurka orain arte egindako ekintza armatu handiena izan da; azken asteetan ugaritu egin dira erasoakArabiar Ligak ez du Siriaren kanporatzea berretsi, eta behatzaileak hartzeko exijitu dio

mikel rodriguez
2011ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Siriako militar desertoreek armadako aire indarraren informazio zerbitzuen egoitza suntsitu zuten atzo, oposizioko erakundeek jakinarazi dutenez. Erasotzaileek egoitza inguratu zuten, eta metrailetekin eta artilleriarekin jo zuten haren aurka, iturri horiek azaldu dutenez. Erregimenaren sei soldadu hil zituztela erran dute. Damaskok ez du erasoari buruz deus adierazi, baina, berretsiz gero, desertoreek borroka armatuari ekin ziotenetik egindako ekintza handiena litzateke, orain arteko jomuga garrantzitsuena izan delako, eta Damaskotik gertuen egin duten erasoa izan delako —hiriburuko iparraldeko Harasta barrutian izan da—.

Berri agentziek zabaldu dutenez, aireko indarraren informazio zerbitzuaren xedea da armada barreneko disidentziari aurre egitea. Beraz, desertoreek zuzeneko arerioaren aurkako kolpea eman dute. Ekintza horrek nabarmen utzi du borroka armatuak pauso kualitatiboa eman duela. Gero eta gehiago dira borrokei eta erasoei buruz Siriatik datozen berriak. Iragan astelehenean bertan, desertoreek 34 soldadu hil zituzten hegoaldean, Dara probintzian. Erregimenak berak dio martxotik, matxinada hasi zenetik, milatik goiti direla «terroristen erasoetan» hildako estatuko indarretako kideak. Bai oposizioak, bai erregimenak emandako informazioa berrestea, ordea, hagitz zaila da, Damaskok hedabideei ezarritako betoarengatik.

Erregimenaren aurkako erasoak Siriako Armada Askea erakundeak hartu ditu bere gain.Militar desertoreek osatutako indarra da. Haren inguruko informazio gehiena Rijad al Assad koronel desertoreak emanikoa da, Turkiako erbestetik. Haren arabera, erakunde horren helburua da «erregimena botatzea, iraultza babestea eta erregimena sostengatzen duen makineria militar arduragabeari aurre egitea». Al Assad koronelak dio 15.000 kide dituela Siriako Armada Askeak, eta azken astean 400 gehiagok desertatu dutela. Erakundeak bertze eragileekin dituen harremanen inguruan, nazioarteak laguntza ematea «errefusatu» izana gaitzetsi du Al Assad, eta oposizioko SNC Siriako Kontseilu Nazionalarekin «erabateko koordinazioa» dutela adierazi du.

Hiru eguneko epea

Martxoan hasitako matxinada gero eta militarragoa bihurtzen ari da, eta, horrekin batera, Bashar al Assaden erregimenaren aurkako nazioarteko presioak gehitu egin dira. Arabiar Ligak, dena den, arnasaldi txiki bat hartzeko parada eman dio, Siria erakundetik botatzeko erabakia ez baitu berretsi. Hiru eguneko epea eman dio Damaskori Arabiar Ligak bidalitako behatzaileak onartzeko eta hilaren hasieran hitzartutako bide orria betetzeko. Behatzaileen lana izanen da Damaskok Arabiar Ligaren plana nola betetzen duen ziurtatzea.

Ligak ezohiko bilera egin zuen atzo Rabaten. Turkia ere gonbidatu zuten. Zibilak babesteko «berehalako neurriak» behar direla aldarrikatu zuten bertan, baina nazioarteko esku hartzea errefusatuta. Turkiak, Siriaren aliatu ohiak, azken egunetan hazi egin ditu Al Assaden aurkako mehatxuak —bertzeak bertze, Siriara bidaltzen duen argindarra eteteko mehatxua egin du—. Arabiar Ligako herrialdeak bilduta zeuden bitartean, ordea, Al Assaden aldeko manifestariek Marokoko, Arabiar Emirerri Batuetako, eta Qatarko enbaxadei eraso egin zieten. Frantziak, Siriaren kolonia ohiak, berriz, bere enbaxadorea Damaskotik erretiratu eta kontsulatuak ixtea erabaki du erasoen ondorioz.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.