Udaberri arabiarrak ekarri duen aro berrira egokitu eta nazioartea eragiten ari zaion presioa arindu nahian, 11 egun barru egingo du Siriak konstituzio berriaren erreferenduma. Bozketa otsailaren 26an egingo dutela jakinarazi dute Baxar al-Assaden erregimeneko iturriek —martxorako zeukaten iragarrita—, eta konstituzioaren «oinarri demokratikoak» azpimarratu dituzte.
Izan ere, gaur egun, Baaz alderdiak legez aitortua dauka nagusitasuna: nahiz eta beste sei alderdi txikiren izatea onartu, 1973ko Konstituzioak zehazten du Baaz alderdiari dagokiola Siriako Gobernuaren eta gizartearen gidaritza. Al-Assad presidentea da alderdiko buruzagia. Hilaren 26an bozkatuko duten konstituzioan, baina, artikulu hori ez da ageri.
Presidentearen agintaldiari ere muga jarri dio Siriako Konstituzio berriaren proposamenak, eta jarraian zazpi urteko bi agintaldi baino ezingo ditu egin. Hala ere, neurri hori Al-Assaden egungo agintaldia amaitzen denean—2014— jarriko litzateke indarrean, eta, beraz, 2028. urtea arte segi lezake presidente gisa.
Siria errepublika demokratiko laikoa da, islama erlijio nagusi gisa aitortzen duena, baina konstituzio berriak jasotzen du «erlijio guztiak bermatu eta errespetatu» egingo direla. Estatuko goi karguak gutxiengo erlijiosoen arabera banatzeko sistemaren amaiera ekarriko luke horrek, presidenteak islamiarra behar duela eta legegintzarako iturri nagusia jurisprudentzia musulmana izango dela zehaztu arren.
Eskubideen alorrean, adierazpen eta iritzi askatasuna, grebarako eskubidea, eta epaileen agindurik gabe atxiloketak eta torturak egiteko debekua jasotzen ditu konstituzio proposamenak.
Oposizioaren ustez, baina, «denbora irabazteko trikimailu bat» besterik ez da proposamen hori. Siriako Kontseilu Nazionaleko buruzagi Ahmed Ramadanek ustez, «erregimenak bere neurriko konstituzioa» egin du, eta ekimena «alferrikakoa» da, «ez baitu indar politikoekin hitzartu».
NBEren Batzar Nagusia, gaur
Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiak Siriari buruzko ebazpen proposamena bozkatu bezperan egin du Al-Assaden erregimenak irekiera keinua. Giza eskubideen bortxaketa «sistematikoak» gaitzetsi eta herritar zibilen aurkako erasoak «berehala» geldiarazteko eskatzen dio Siriako Gobernuari gaur NBEn bozkatuko den testuak.
Arabiar Ligaren trantsiziorako plangintza «erabat» babesten du ebazpen proposamenak, baina ez du berariaz Al-Assadek agintea uzteko eskatzen. Halaber, NBEko indarrek eta Arabiar Ligak elkarlanean Siriarako bake indar bat osatzeko aukerari ez dio aipamenik egiten. Errusiak eta Txinak NBEren Segurtasun Kontseiluan Arabiar Ligaren ebazpenari betoa ezarri ostean iritsiko da proposamen hori Batzar Nagusira.
Frantziako Atzerri ministro Alain Juppek babestu egin du Siriarako bake indarra eratzea, eta herritarrei laguntzeko giza korridoreak eratzeko aukera aztertzeko eskatu dio NBEren Segurtasun Kontseiluari. Aldiz, NATOk ekimen horretan parte hartzeko inolako asmorik ez duela argitu du Anders Fogh Rasmussen aliantzako idazkari nagusiak.
Siriako armadak Homs hiria bonbardatzen jarraitu zuen atzo, oposizioko iturrien arabera, eta oliobide bat ere zartarazi zuten. Sana berri agentzia ofizialaren arabera, aldiz, «talde terrorista batek» hondatu zuen Damasko hornitzen duen oliobidea. Hama hiria, berriz, Al-Assaden indarrek gogor bonbardatu dutela eta militarrak auzo ugaritan sartu direla adierazi du oposizioak. Setio egoeran direla salatu dute.
Sirian alderdi aniztasuna aitortzen du hileon bozkatuko duten Konstituzioak
Otsailaren 26an egingo dute erreferenduma, eta presidentearen agintea zazpi urteko bi alditara mugatuko du, 2014tik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu