Protestak herrialde arabiarretan

Sirian atzo hil zirenen kopurua gora egiten ari da eta ehunera irits daitezke

Desertore talde batek Poliziaren autobus bat erasotu ostean hasi zen borroka. Hildakoen erdia dira Bashar al Assaden aldekoak, eta beste erdia, oposiziokoak.

2011ko azaroaren 15a
11:41
Entzun

Egun odoltsua izan zen atzokoa Sirian. Azken datuen arabera, 98 lagun hil ziren Bashar al Assad presidentearen aldekoen eta kontrakoen arteko borroketan. Hainbat lekutan piztu ziren borrokak, eta ekintzaileek gaur jakinarazi dutenez, 50 dira horietan gutxienez hildakoak: Deraa eskualdean 28 lagun hil zirela esan dute oposizioko iturriek; Homsen, hamahiru; Idleben, sei; Haman, bi; eta Qameshin, bat.

Horiez gain, ordea, Siriako Giza Eskubideen Behatokiak esan du Deraan gutxienez 34 polizia eta soldadu hil zirela, eta pixkanaka iristen ari diren datuak eskuan hartuta kopurua ehunera irits daiteke. Al Assaden erregimenak Damasko bonbardatu duela jakinarazi du oposizioak, eta hiru adingabe hil direla, beste batzuen artean.

Hildako gehienak Jirbet Ghazale herrian izan ziren, eta iturrien arabera hildako horien erdia segurtasun indarretako kideak dira, eta beste erdia, armada utzi duten soldaduak, ekintzaileak eta zibilak. Borroka hori armada utzi duten zenbait soldaduk Poliziaren autobus bat erasotu zuenean piztu zen. Ondoren inguru horretan dagoen kuartel bat hartzen saiatu zen armada, Damasko eta Aman arteko autobidean. Desertoreek orduan horri erantzun eta inguruko herrietatik iritsi zen beduino talde batek aurre egin zien.

Oposizioak esan du borrokak gauean ere izan direla Sanamain eta Angelen, eta Zabadani ingurura soldaduak iristen ari direla; ez dute baztertzen  horregatik armada hirira indarrez sartzea. Informazio hori, ordea, baieztatu gabe dago.

Martxoan protestak hasi zirenetik 3.500 lagun baino gehiago hil dituzte Sirian. Liga Arabiarrak indarkeria eteteko plana jarri zuen martxan, baina, berez bihar arteko epea zuen arren martxan jartzeko, Al Assadek ez duela bete argudiatuz, erakundetik bota dute Siria. Gaur Siriako ordezkaria Rabaten eurekin biltzekoa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.