Sirian batasun gobernua eratzeko eskatu die Irakek alde guztiei

Egipto, Tunisia, Sudan, Libano eta Aljeriak babestu dute Bagdaden plana; kanpoko esku hartzea arbuiatzen du

Erredakzioa
2012ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Herrialdeko joera guztiak bilduko dituen batasun nazionaleko gobernu bat eratzeko eskatu dio Irakek Siriari. Gatazkako talde guztiekin dauka harremana Bagdadek, eta indarkeria amaitzeko plan bat aurkeztu du. Egiptok, Sudanek, Libanok eta Aljeriak babesa eman diote proposamenari, eta herrialde arabiarretako Atzerri ministroak aztertzen ari dira.

Batasun gobernua eratzeko eskaeraz gain, NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari kanpoko esku hartzea galarazteko ebazpena onartzeko eskatzen dio. Hain zuzen ere, horixe da Baxar al-Assaden gobernuak behin eta berriz salatu duena. Nazioartea erregimen aldaketa bat bultzatzen ari dela dio Damaskok.

Txinak, bestalde, ordezkari bat bidali du Damaskora, beste plan batekin. Bi aldeei indarkeria gelditzeko eskatu die Pekinek, eta baldintzarik gabe negoziazioak hasteko. Elkarrizketetan alde guztiek parte hartu behar dutela dio Txinak, eta hori NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Liga Arabiarraren ordezkari Kofi Annanen bitartekaritzarekin egitea defendatu du. Dena den, nazioarteak «erregimena aldatzeko presio egitea» arbuiatu du. Turkiak, berriz, giza laguntza helarazteko «berehala» pasabide bat eratzeko eskatu du. Siriako «sarraskia» kritikatzearekin batera, NBEri eta nazioarteari «begira egotea» leporatu die.

Tortura salaketak

Rupert Colville NBEren giza eskubideetarako goi mandatariak salatu du Sirian ospitaleak liskarretan zauritutako lagunak torturatzeko guneak bilakatu dituztela. Colvilleren arabera, sendagileei zaurituak ez artatzeko agindua eman die Al-Assaden erregimenak.

Bestalde, NBEk jakinarazi du azken bi egunetan 2.000 lagun inguruk Libanoko muga igaro dutela indarkeriatik ihesi. Horiei egoitza emateko arazoak dituztela azaldu du erakundeak. Iaztik, protestak hasi zirenetik, 7.500 lagun inguru hil dira Sirian, NBEren arabera.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.