Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak gaur esan du Siriako egoera gerra zibilarena dela, eta ondorioz lehenbailehen esku hartzeko eskatu dio Liga Arabiarrari. Gainera, gatazka modu baketsuan konpondu nahi duten guztiei dei egin die indarkeria amaitu dadin eskatzera.
"Sirian indarkeria eten beharra dago, datorren lekutik datorrela ere. Legez kanpoko kontrabandoaren bidez iristen diren geroz eta arma gehiago daude", gaineratu du. Bide batez, Mendebaldeko potentziak kritikatu ditu Yemeneko agintariekin "ulerkorragoak" izateagatik, eta Sirian erru osoa Bashar al Assadena dela esateagatik.
Siriaren harreman diplomatikoak, kolokan
Marokok Damaskon duen enbaxadaren aurrean atzo manifestariekin izandako istiluen eraginez, kontsultara deitu du Marokok Sirian duen enbaxadorea. Marokoko Atzerri ministroak esan du atzoko gertaerek "nazioarteko hitzarmenak eta bi herrialdeen arteko harremanak" kaltetzen dituztela. Siriako agintariei eraikin diplomatikoak behar bezala babestu ez izana egotzi die Marokok. Hala ere, Siriarekin harremanak ez direla etengo jakinarazi du Atzerri ministroak, nahiz eta oraingoz elkarrizketak oztopatuta egon.
Siriak esan du beharrezko neurri guztiak hartuko dituztela eraikin diplomatikoak babesteko eta poliziari arduraz jokatzera dei egin dio. Nazioarteko hitzermenekiko duen konpromisoa berretsi du.
Eraso bat baino gehiago
Marokoko egoitza ez da erasoak pairatu dituen bakarra, Frantzia, Turkia, Saudi Arabia eta Arabiar Emirerri Batuetako eraikin diplomatikoak ere erasotu dituzte Bashar al Assaden erregimenaren aldekoek azken egunetan.
Atzoko istiluak Siria Arabiar Ligatik bidaltzearen ildotik etorri dira, Siriak indarkeria ez eteteagatik. Ordutik, Al Assaden erregimena ia erabat bakartuta dago nazioartean. Bere posizioari, ordea, tinko eutsi dio Siriako presidenteak, eta ez du matxinadari amore emateko asmorik agertu. Oposizioko taldeek salatu dute, gainera, iragan astelehena martxoan matxinada hasi zenetik izandako egunik odoltsuena izan dela.
Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera, gutxienez 70 lagun hil ziren herenegun: 34 soldadu eta hamabi desertore elkarren aurkako borroketan, eta 27 zibil protestetan tirokatuta. SNC Siriako Kontseilu Nazionala oposizioko erakunde nagusiak NBE Nazio Batuen Erakundeari kasko urdinak bidaltzeko eskatu dio.
Erregimeneko segurtasun indarrek, gutxienez, bederatzi lagun hil dituzte gaur.