Sirian gerra zibila sustatzea leporatu die Txinak Mendebaldeko herrialdeei

Errusiaren arabera, NBEko Segurtasun Kontseilua ezin da alde bakar batekin «lerrokatu»

mikel rodriguez
2012ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Sirian gerra zibila dagoela edo hori sortzeko arriskua benetakoa dela dioten ahotsak gero eta gehiago dira. Txinako Alderdi Komunistaren egunkari ofizialak, adibidez, Mendebaldeari egotzi dio Sirian gatazka sustatzea. Renmin Ribao-ren arabera (Herriaren Egunkaria), Mendebaldeak oposizioari erakutsitako sostenguak eta Baxar al-Assad presidenteari boterea uzteko eskaerak «gerra zibil handi bat» sor dezake. Gurutze Gorriak ere egoera larria dela ohartarazi du, bereziki Homs hirian. Oposizioko talde armatuekin eta erregimenarekin negoziazioetan ari dela jakinarazi zuen atzo, gatazka guneetara giza laguntza eramatea erraztuko duen su-etena lortzeko. Heldu den ortziralean elkartuko da Tunisian Siriaren Lagunak taldea, sustatzaileek jakinarazi dutenez, erregimenari presioa nola areagotu eztabaidatzeko. Txina eta Errusia ere gonbidatu dituzte.

«Mendebaldeko herrialdeek Siriako oposizioari erabateko laguntza ematen jarraitzen badute, azkenean gerra zibil handi bat lehertuko da, eta ez da atzerriko esku hartze armatua saihesteko aukerarik geldituko», adierazi du Qu Kingek, Renmin Ribao-ko artikulua idatzi duen analistak.

Iragan urrian Siriako erregimena gaitzesteko ebazpen bati NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan Txinak betoa paratu zion Errusiarekin batera. Ordutik, baina, Siriako auzia dela-eta Mendebaldeari aurre egiteko, Errusiak izan du protagonismo ia dena, eta Txina itzalean gelditu da, Mosku eta Damasko lotzen dituen harremana estuagoa baita. Iragan hilaren 4an, baina, Txinak berriz ere bat egin zuen Errusiarekin, Segurtasun Kontseiluan Siriako erregimenaren aurkako bertze ebazpen bati betoa paratzeko. Iragan larunbatean, gainera, Zhai Jung Atzerri ministrordea Damaskon elkartu zen Al-Assadekin.

Errusiak ere goi mailako harreman diplomatikoak izan ditu Siriarekin. Atzo, Dumako Atzerri Gaietarako Batzordeko buru Aleksei Puxkov batzartu zen Siriako presidentearekin Damaskon. Puxkovek berretsi zuen Errusiak atzerriko esku hartzearen aurkako jarrera duela, eta adierazi zuen NBEko Segurtasun kontseilua ezin dela Siriako alde bakar batekin «lerrokatu».

Dena den, Arabiar Ligak uste du Moskuk eta Pekinek jarrera aldatzeko «zantzuak» erakutsi dituztela. Nabil al-Arabi ligako idazkari nagusiaren arabera, erakunde horrek eta NBEk bake misio bateratua bidaltzeko proposamena aztertuko dute Siriako Lagunen bilkuran.

SNCren balizko onarpena

Mendebaldearekiko eta Arabiar Ligarekiko aski jarrera ezberdina izan arren, etzidamu Tunisian egotekoak dira Errusiako eta Txinako ordezkaritza bana, Siriaren Lagunen bilkuran. Bertan izanen dira AEBak, EB Europako Batasuna, Arabiar Ligako herrialdeak eta OIC Lankidetza Islamikorako Erakundea. SNC Siriako Kontseilu Nazionaleko kide Haizam al-Malehek adierazi duenez, bilkura horretan bere erakundea Siriako herriaren legezko ordezkaritzat onartuko dute. «Onarpena ez dute soilik herrialde arabiarrek eginen», erran du Al-Malehek. Libiako kasuan, Mendebaldeak eta Muammar Gaddafiren erregimenaren aurkako erasoa sustatu zuten bertze herrialdeek pauso hori eman zuten, hau da, Gaddafiri zilegitasuna kendu zioten, eta NTC Trantsiziorako Kontseilu Nazionalari eman. Sirian, ordea, SNC ez da oposizioan egituratuta dagoen talde bakarra, eta oraingoz inork ez du serioski aipatu hari Siriako herriaren ordezkaritza emateko aukera. Esku hartze militarraren aukerari dagokionez, bilkura hartuko duen herrialdeak, Tunisiak, erran du bilera ez dela bihurtuko «bertze herrialde arabiar batean esku hartze militarra egiteko abiapuntua».

Siriatik bertatik datorren informazioa, baina, eskasa da, erregimenak ezarritako informazioaren kontrolagatik. Gurutze Gorriak egoera larria dela dio. Su-eten bat lortzeko negoziazioetan ari da, eta harreman horiek «konfidentzialak» direla jakinarazi du. Gurutze Gorria da Sirian giza laguntzarako dagoen nazioarteko erakunde bakarra, baina gatazkan dauden eremuetara ailegatzeko zailtasunak ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.