«Elikagaiak, sendagaiak, estalkiak, haurrentzako esnea eta bestelako materialak daramatzagu». ICRC Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen zazpi kamioiz osatutako konboi bat atera zen atzo Damaskotik Homsera biztanleei laguntza helarazteko asmoz. Siriako Gobernuak Bab Amr auzoaren kontrola berreskuratu eta gero, bertan sartzeko baimena eman zietela azaldu zuen Siriako Ilargi Gorri Erdiaren buru Khaled Erksoussik. Laguntza operazioa, ordea, gaur arte atzeratu behar izan du ICRCk, azken unean sartzeko baimena ukatu dietelako.
«Onartezina da duela hainbat astetatik laguntza behar dutenek oraindik arretarik jaso ez izana», kritikatu du ICRCko buru Jakob Kellenbergerrek. Homsen geratuko dira materialarekin setiatutako auzoan sartzea lortzen duten arte, eta hori laster izatea espero du Kellenbergerrek. Atzo ahalegina egitea «arriskutsua» izan zitekeela adierazi zuen erakundeak, eta aurrez egindako eskaera errepikatu zuten: egunero bi orduko su-etena adostea laguntza humanitarioa emateko.
Auzoan larri zauritutako lagunak egon daitezkeela uste du ICRCk. Kasik hilabete egon da Bab Amr setiatuta, eta herritar asko elektrizitaterik eta oinarrizko elikagairik gabe daudela diote auzotik heltzen diren berri bakanek. Hotz handia egiten du, gainera, eta horrek are gehiago okertzen du egoera. Normalean 100.000 lagun inguru bizi diren auzoan, milaka gutxi batzuk besterik ez da geratzen.
Jaques Berez zirujau eta Mugarik Gabeko Medikuen erakundeko presidente ohiak adierazi du Homseko egoera «katastrofikoa» dela. Sei aste eman ditu Bab Amr auzotik gertu, eta herritarrek «denetarik» behar dutela dio. «Ura, janaria eta erregaia behar dituzte, baita elektrizitatea ere, kanpokoekin harremanetan jarri eta bertan gertatzen dena azaltzeko», esan du. Bestalde, herritarrek Siriako Armada Askea babesten dutela esan du, eta bertan ez dagoela «atzerriko soldadurik».
Siriako Armada Askeak, hain zuzen, onartu egin du auzotik atera dela, baina «erretiratze taktikoa» izan dela dio, bertan geratzen diren herritarrak «erasoaldi batetik salbatzeko». Atzo Siriako armadak kalez kale eta etxez etxe miatu zuen auzoa, «armatutako gizonen» bila. Ekintzaileek, hain justu, jakinarazi dute azken orduetan Baxar al-Assad presidentearen indarrek Homsen gutxienez hamalau lagun exekutatu dituztela. Herrialde osoan, atzo, 65 lagun baino gehiago hil zituztela salatu zuen oposizioak.
EB, «ikaratuta»
EB Europako Batasuneko kideek jakinarazi dute Sirian gertatzen ari denarekin «ikaratuta» daudela. Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko buruak etsita hitz egin du, Siriari presio gehiago egiteko zer egin ez dakitela esanez: «Gure eskuetan zegoen guztia egin dugu, esku hartze militarrik gabe». Hori horrela, orain arteko neurriei eutsiko dietela jakinarazi du: zigorrak mantendu errepresioak jarraitzen duen bitartean, eta NBE Nazio Batuen Erakundean Siriako Gobernuaren aurkako egitasmoak bultzatu.
Europako Kontseiluaren goi bileran Europak Sirian dituen enbaxada guztiak ixteko aukera ere aztertu dute, baina ez dira ados jarri. Hainbat herrialdek esan dute Sirian diplomatikoak mantendu behar direla. Bileraren ondotik, baina, Frantziak jakinarazi du bere ordezkaritza itxi egingo duela eta diplomatiko guztiak handik aterako dituela.
EBk mugatuta ikusi du bere burua Sirian eragin ahal izateko. Bere eskuetan zegoen guztia egin duela esan ondoren, Txinari eta Errusiari pausoak emateko eskatu die. David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak, hain zuzen, gogor hitz egin du Moskuren eta Pekinen kontra: «Haratago begira dezatela; ikus dezatela siriarren samina, eta bi aldiz pentsa dezatela erregimen kriminal horri babesa ematea». Frantziak ere uste du egoera desblokeatzeko giltza Errusiak eta Txinak dutela. Alde bakarreko urratsak egitea baztertu du, eta Nicolas Sarkozy presidenteak esan du NBEren Segurtasun Kontseiluaren ebazpenik gabe ezer ez dutela egingo.
SNC Siriako Kontseilu Nazionala herriaren ordezkari legitimo bat dela ere onartu du EBk, baina oposizioari batasun handiagoa eskatu dio. Bestalde, Valerie Amos NBEko Giza Arazoetako idazkariordea New Yorkera itzuli da Sirian sartzeko ahaleginak huts egin eta gero. Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki-moonek haserre hitz egin du, eta Amosek «ahal bezain laster» Siria bisitatu behar duela esan du. NBEko Segurtasun Kontseiluak ere Amosi sartzen uzteko eskatu zion Damaskori herenegun.
Errusia eta Txina, bakartuta
Siriako gatazkan Errusiak eta Txinak izan duten jarrerak kritika ugari piztu ditu nazioartean.NBEren Segurtasun Kontseiluan Damaskoren aurkako ebazpenei betoa eman diete bi herrialdeek, eta Al-Assad kanporatzea exijitzen dutenek gogor salatu dutehori. AEBen NBEko ordezkari Eileen Chamberlainek «historiaren alde okerrean» egotea egotzi die.
Pekinek adierazi du ez dela nazioartean bakarrik geratzen ari eta bere nahia «zibilen aurkako indarkeria etetea» dela. Moskuk, berriz, Siriarekin «harreman berezia» izatea ukatu du. Siriaren etorkizuna, baina, siriarrek aukeratu behar dutela berretsi du.
Sirian Gurutze Gorria ezin izan da sartu Homseko setiatutako auzoan
Elikagaiak eta sendagaiak banatu nahi dituzte; erakundeko buruak dio sartzeko baimena ukatzea «onartezina» delaTxinari eta Errusiari pausoak emateko eskatu die EBk; Frantziak enbaxada itxi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu