Sirian gutxienez 15 soldadu hil dira arma biltegi batek eztanda eginda

Iturri ofizialen arabera, Aleppo aldean izandako 50 gradoko tenperaturak eragin du leherketa

JUNAMA SARASOLA
2007ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Siriako armadaren arma biltegi batean izandako eztanda batek gutxienez 15 soldadu hil, eta beste 50 bat zauritu ditu, Sana berri agentzia ofizialaren arabera. Leherketaiparraldean, Aleppo hiritik 10 kilometrora dagoen Musalmia herriko base militar batean, gertatu zen atzo. Iturri ofizialek diote ez zela atentatu bat izan, istripua baizik.

Siriako armadako buruzagi baten hitzetan, egunotan gertatzen ari den beroaldia izan da leherketaren eragilea. «Bero bolada bat dago, eta tenperatura 50 gradora iritsi da. Horrek eragin du arma biltegiak eztanda egitea».

Ildo horretan, Siriako telebistak esan du ez dela «ekintza terrorista» izan. Qatarko Al Jazeera telebistari lekuko batek adierazi dionez, leherketa «izugarria» izan da. «Eztanda izugarria izan da. Ospitale batera joan naiz, eta zauritutako pertsonaz betea zegoen». Zauritutako gehienak eztandaren tokian bertan artatu dituzte, leherketaren indarrak sakabanatutako kristalek eragindako zauriak sendatzeko. Beste zauritu batzuk artatu eta gutxira atera dira erietxetik.

Al Jazeera katearen arabera, base militarretik gertu piztutako sute bat arma biltegira zabaltzean zartatu dira barrenean zeuden munizio eta lehergaiak.



ISLAMISTAK, ORAINGOZ BAZTERTUTA. Sirian talde islamistek hainbat ekintza egin dituzte urteotan, baina armadak gogor egin die aurre. 2005eko abenduan soldaduek bost ekintzaile hil zituzten tiroketa batean, Idlib herrian. 2006ko irailean AEBek Damaskon duten enbaxadari eraso egin zioten lau gizonetako hiru hil eta bestea atxilotu zituen armadak.

Islamisten matxinadarik handiena Haman gertatu zen. 1982ko otsailean. Armadak hura menperatu zuen, hiria bonbardatuta. Milaka ekintzaile eta zibil hil ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.