Siriako armadaren eta oposizioaren arteko erasoak eteteko eta bake elkarrizketak hasteko eskatu du Arabiar Ligako idazkari nagusi Nabil al-Arabik. NBE Nazio Batuen Erakundeko behatzaileetako batzuk herrialdera iritsi arren, bi aldeek Kofi Annan NBEren eta Liga Arabiarraren mandatari bereziarekin adostutako su-etena ia egunero apurtu dute, eta hildakoak eragin eta hiriak suntsitu dituzte. Arabiren esanetan, gatazkari amaiera emateko modu bakarra dago: «Konponbide baketsua lortzea ezinezkoa da indarkeria alde batera utzi gabe».
NBEko behatzaileei esker indarkeria «gutxitu» dela onartu du Al-Arabik, eta 300 behatzaileak Siriara «lehenbailehen» bidaltzeko eskatu du. Horretaz gain, Errusiak beste bost behatzaile bidaliko ditu herrialdera hil honetan, NBEren misioaren barruan.
Armak Libanotik Siriara
Su-etena indarrean zela, armaz betetako ontzi bat harrapatu zuen Libanok joan den igandean. Siriak Libanon duen enbaxadoreak berretsi du armak oposizioko matxinoentzat zirela, baina oposizioak ukatu egin du hori.
Human Rights Watchek salatu du Sirian 95 zibil hil dituztela martxoaren 22tik apirilaren 6ra bitartean.
Sirian indarkeria eteteko eta bake negoziazioak hasteko eskatu du Arabiar Ligak
Damaskok berretsi du Libanon atxikitako ontziko armak oposizioko matxinoentzat zirela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu