Joan den larunbatetik, Arabiar Ligak Siria behin-behinean erakundetik bidaltzea erabaki zuenetik, Bashar al Assaden erregimena ia erabat bakartuta dago nazioartean. Bere posizioari, ordea, tinko eutsi dio Siriako presidenteak, eta ez du matxinadari amore emateko asmorik agertu. Oposizioko taldeek salatu dute, gainera, iragan astelehena martxoan matxinada hasi zenetik izandako egunik odoltsuena izan dela. Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera, gutxienez 70 lagun hil ziren herenegun: 34 soldadu eta hamabi desertore elkarren aurkako borroketan, eta 27 zibil protestetan tirokatuta. SNC Siriako Kontseilu Nazionala oposizioko erakunde nagusiak NBE Nazio Batuen Erakundeari kasko urdinak bidaltzeko eskatu dio.
Nazioarteko esku hartzea oposizioaren gairik labainkorrena da, matxinadari zilegitasuna kenduko dion beldur baitira sektore anitz. SNCk berak ez du posizio bateratua izan horren inguruan. Oposizioko alderdi politikoak biltzen dituen bertze erakunde nagusia, berriz, NCC Koordinazio Nazionalerako Batzordea, argi eta garbi mintzatu da aukera horren kontra. Burhan Galiun SCNko buruak, baina, defendatu du «zibilak babesteko» NBEren kasko urdinak sartzea ez dela «esku hartze militarra».
Ebazpen eske Errusian
Errusian egin ditu adierazpen horiek Galiunek. SNC erregimenaren aurkako esku hartze militar baten aurka dagoela erran du, baina Errusia konbentzitu nahi du Segurtasun Kontseiluan «manifestarien defentsarako» ebazpen baten alde egin dezan. Moskuri ere eskatu dio Al Assaden dimisioa exijitu dezala.
Errusiak, baina, «indarkeria baztertzen» duten oposizioko talde guztiei erregimenarekin elkarrizketan saiatzeko deia egin die. Galiunek erantzun du SNC ez dagoela prest Al Assad sendiko kideekin hitz egiteko, «hiltzeko agindu guztien eta odol isurketa guztiaren erantzuleak direlako».
Errusiak, Txinarekin batera, Segurtasun Kontseiluan Al Assaden erregimena gaitzesteko ebazpenari betoa paratu zion iragan hilaren hasieran. Mendebaldeko herrialdeei egotzi die Sirian Libiako prozedura berdina aplikatu nahi izatea erregimena aldatzeko. Arabiar Ligak hil honen hasieran proposatutako bide-orriaren alde agertu da Mosku.
Plan horren arabera, Damaskok alde bakarreko konpromisoak hartu behar zituen: armada karriketatik atera, su-etena aldarrikatu, eta preso politikoak askatu. Horrez gain, Arabiar Ligaren Siriarako harremanetarako taldeak bi asteren buruan elkarrizketa nazionalerako konferentzia bat osatzeko asmoa zuen.
Milatik goiti lagun aske
Asmo horiek, ordea, bertan behera gelditu ziren iragan larunbatean, Arabiar Ligako 22 kideetatik hemezortzik Siria behin-behinean erakundetik botatzea erabaki baitzuten, hilaren hasieran hitzartutako konpromisoak bete ez dituelakoan. Erregimenak, ordea, plana betetzen ari dela dio. Siriako Sana berri agentziak jakinarazi duenez, matxinadan atxilotutako 1.180 lagun askatu zituen atzo Damaskok. «Siriako gertakariekin» zerikusia zutela adierazi du Sanak, eta ez dituztela «eskuak odolez zikinduta».
Ualid al Moalem Atzerri ministroak, gainera, hilaren 5ean bertze 533 preso askatu zituztela oroitarazi du, eta, erran duenez, armada hirietatik erretiratu dute eta 80 kazetariri herrialdean sartzen utzi diete. Moalemek berretsi du agindutako erreforma politikoak betetzeko asmoa duelaAl Assadek, baita oposizioarekin elkarrizketa hastekoa ere. Hala ere, bide-orriaren hainbat puntu zehaztu ditu. Adibidez, hirietan militarrak indar zibilekin ordezkatu dituztela justifikatu du «herriaren defentsa ez delako soilik eskubide bat, edozein estaturen betebeharra baizik». Al Jazeeraren Siriako egoitza ez dutela zabaldu eta, Moalemek erran du hedabide hori «objektibotasunera egokitzean» utziko diotela herrialdean jarduten.
Arabiar Ligak Siriaren aurka onartutako ebazpena gaur da indarrean sartzekoa. Hori gertatuz gero, erregimenaren aurkako zigor ekonomikoak eskatu dituzte herrialde arabiarrek, eta Damaskorekiko harreman diplomatikoak murriztu. Hala ere, ligako herrialdeetako Atzerri ministroek Rabaten ez ohiko bilkura eginen dute bihar, larunbateko erabakia berretsi edo ez erabakitzeko. Oposizioari, ordea, trantsiziorako proposamena prestatzeko eskatu dio Arabiar Ligak. Erakundeko iturriek aipatu dutenez, biharko bilkuran oposizioarekin konferentzia bat egitea erabakiko dute.
Herrialde arabiarretako matxinadak. Siria
Sirian kasko urdinak sartzeko eskatu du Kontseilu Nazionalak
Burhan Galiun oposizioaren erakunde nagusiko buruak esan du NBEren tropak sartzea ez dela «esku hartze militarra»Oposizioak dio herenegungoa izan dela, 70 lagun hilda, orain arteko egunik odoltsuena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu