Mark Cutts. NBEren laguntza humanitariorako koordinatzailea

«Sirian laguntza humanitarioa handitzea nahi dugu»

2,8 milioi pertsona bizi dira Sirian atzerriko laguntzaren menpe. Cuttsek ohartarazi du zabalik dauden pasabideak ixteak «hondamendia» ekarriko lukeela. Laguntza bidaltzen jarraitzeko akordio bat eskatu du.

THOMAS WILLIAMS / CROSSROADS FOUNDATION.
2020ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Nazio Batuen Erakundeko (NBE) giza krisietarako koordinatzailea da Mark Cutts. Azken hiru hamarkadetan munduan gertatu diren hainbat giza larrialditan aritu da lanean, eta Sirian dago gaur egun.

Siriako gerrak milioika lagun lekualdatzea eragin du azken urteotan, eta gaur egun ere asko dira etxea uztera behartuta daudenak. Horri aurre egiteko, bi pasabide zabalik egon dira Turkiako mugan, laguntza humanitarioa helarazteko. Aste honetan, hirutan bozkatu dute NBEko Segurtasun Kontseiluan pasabide horiek irekita utzi ahal izateko ebazpena, baina Txinak eta Errusiak betoa jarri diote. Soilik Bab al-Hawako pasabidea mantentzea adostu zuten herenegun, urtebeterako. Bab al-Salamgoa, aldiz, itxi egingo dute. Ostiralekoa da elkarrizketa hau, NBEren azken akordioaren aurrekoa.

Nolakoa da egoera Sirian?

Ipar-mendebaldea da migratzaile gehien dituen eremua —2,7 milioi—, gobernuaren menpe ez dauden inguruetan. Hainbat tokitan banatuta daude. Mila errefuxiatu esparru daude gutxi gorabehera, eta 1,4 milioi pertsona inguru daude horietan bizitzen.

Gainera, etxetik alde egin behar izan duten asko daude hutsik utzitako eskoletan eta bestelakoeraikinetan bizitzen. Esan liteke laguntza eramaten dugun eremu osoa dela errefuxiatu esparru handi bat.

Zer lan egiten ari zarete zuek han?

Oraintxe auto batean noa, Bab al-Salamera bidean. Siria eta Turkiaren artean bi pasabidedaude mugan, Bab al-Salam eta Bab al-Hawa. Kamioiak bertatik pasatzen ari dira egunero, laguntza humanitarioa Siriako ipar-mendebaldera eramaten. Ekainean, guztira, 1.500 kamioik garraiatu dute laguntza humanitarioa Turkiatik Siriako ipar-mendebaldera: 1.100 inguruk Bab al-Hawatik, eta beste 400ek Bab al-Salamdik. Horrek erakusten du nolako operazioak ditugun esku artean.

Zenbaterainoko garrantzia du zuen lanak?

Jende asko dago laguntza horren beharrean; bizirik irautea laguntza horren mende dago haientzat. 2,8 milioi pertsona daude, guztira, laguntza horren zain. 2014tik pertsona horiei laguntza humanitarioa eramateko operazioak salbazioa izan dira hango jendearentzako. Hortaz, pertsona horiei behar duten laguntza helaraztenjarraitzea hil edo biziko kontua da.

Zer da gerran jarraitzen duen toki batera laguntza eramatea?

Segurtasun kontuei begira egon behar dugu une oro. 15.000 boluntario ditugu, gutxi gorabehera, denak Siriakoak, NBEren eta beste nazioarteko erakunde batzuen babesa dutenak. Mugak izaten dituzte lan egiteko orduan, batez ere airetik egindako eraso eta bonbardaketengatik.

Talde armatuak ere erronka handia dira boluntarioentzat. Siriako ipar-mendebaldeko eskualdeak kontrolatzen dituzte, eta haien partetik ere jasaten dituzte jazarpenak. Krimien tasa ere handia da inguruan. Bahiketa asko izan ditugu. Dozenaka laguntzaile zauritu edo hil dituzte.

Egungo pasabideen sistema berrituko ez balitz, zeintzuk lirateke ondorioak?

Hondamendia litzateke beste akordiorik ez lortzea: gerta litekeen txarrena da. Baina oraindik badugu itxaropena NBEko Segurtasun Kontseiluak akordio bat erdietsiko duela. Galdera, orain, hau da: gaur egun dauden bi pasabideek zabalik jarraituko duten, ala bakarra geratuko den. Izan ere, Segurtasun Kontseiluan izandako eztabaidak entzunda, bigarren aukera hori dago mahai gainean.

Sei edo hamabi hilabeterako akordioa izango den jakitea ere funtsezkoa da guretzat. Oso zaila egiten zaigu gure lana antolatu eta beharrezko baliabideak mugitzea sei hilabeteko epean, eta ziurtasuna behar dugu.

Zein da biztanle horiek orain duten beharrik handiena?

Ia milioi bat lagunek tokiz aldatu behar izan dute aurten, airetik egindako eraso eta bonbardaketen ondorioz. Errefuxiatu horiek babestuta egoteko toki baten beharra dute. Lekualdatu behar izan duten horientzako errefuxiatu esparru berriak egiten ari gara, kanpadendekin, edo bestelako behin-behineko konponbideak bilatuz. Ur eta garbitze eremuak eraiki behar ditugu, laguntza zentroak...

Baina orain janariaren arazoa daukagu gehienbat. Krisi ekonomikoak herrialde osoa jo du, Siriako txanponaren debaluazioaren ondorioz, eta elikagaiak dira orain, inoiz baino gehiago, bizirik irauteko behar duten gauzarik premiazkoena.

Zer ondorio izan ditu koronabirusaren pandemiak han?

Gobernuak kontrolatzen dituen Siriako eremuetan 400 kasu baieztatu dira, baina ipar-mendebaldean, gobernuaren kontroletik kanpo dagoen inguruan, ez zen kasurik konfirmatu ostegun gauera arte.

Idliben izan zen baieztatutako lehen COVID-19 kasua, eta izugarrizko kezka dago horren inguruan, izozmendiaren tontorra izan litekeelako, eta ondorioak larriak izango liratekeelako jendez betetako esparruetan.

Tokiko gobernuz kanpoko erakundeekin (GKE) badago kooperaziorik?

Bai, ehunka erakunderi babesa ematen diegu. Horietariko asko Siriakoak dira; beste asko, Turkiakoak. Nazioarteko GKEekin eta NBEren hainbat agentziarekin ere bagabiltza lanean. Denek dute zerikusia Siriako krisiarekin.

Zein da inguruko herrialdeen rola?

Turkian beste inon baino errefuxiatu gehiago dago, Siriatik ihesi joandakoak; muga pasatu dutenak 3,5 milioi inguru dira. Gainera, herrialdeak laguntza humanitarioa pasatzen utzi digu bere mugetatik, eta, horretarako baimena izan gabe, ezin izango genukeen operaziorik aurrera eraman.

Koronabirusaren pandemia dela eta, neurri murriztaileak hartu dituzte Turkian, 200.000 kasu baino gehiago izan baitituzte, eta 5.000 hildako inguru, baina baldintza horietan ere laguntza humanitarioa haien mugatik Siriara sartzen jarraitzen utzi digute. Areagotu ere egin ditugu azpiegitura humanitarioak eramateko operazioak, urtarrilean lekualdatu behar izan zuten milioi bat pertsonari laguntzeko.

Zein dira eman beharreko hurrengo pausoak?

Idlib aldean eta Siriako ipar-mendebaldeko beste toki batzuetan munduko populazio zaurgarrienetako bat bizi da, eta, lehenik eta behin, behar duten laguntza eta babesa ematen zaiela bermatu beharko genuke. Siriako pasabide humanitarioek bizitzeko aukera eman die Siriako herritarrei azken urteotan, eta pasabide horrek aktibo jarraitu behar du, gerra eremua baita.

Pasabide humanitarioa da jendeari laguntza eramateko aukera bakarra. Ez hori bakarrik, pasabide gehiago ireki nahiko genituzke, bai Turkiaren aldetik, bai Siriako Gobernuaren aldetik, denen intereserako izango litzatekeelako. Orain zabaldu nahi dugun mezua horixe da: ez dugu laguntza humanitarioa gutxitzea nahi, handitzea baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.