Errusiak NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluan Siriako krisia konpontzekoegin duen proposamenak nazioartearen esku hartzea baztertzen duela argitu du Aleksander Lukashevitx Errusiako Atzerri ministerioaren bozeramaileak. Are gehiago, Siriako barne arazoetan muturra sartzea «onartezina» dela argi utzi nahi izan die Moskuren proposamena baikorregi hartu duten herrialdeei.
Izan ere, Segurtasun Kontseiluko hainbat kidek Errusiaren jarrera aldaketa modura interpretatu zuten Siriako gatazkari irtenbidea emateko Moskuk herenegun aurkeztu zuen zirriborroa. Proposamenean bi aldeei indarkeria bertan behera uztekoeskatzen die Errusiak, bai gobernuari, eta baita oposizioari ere. Testuan bi aldeen egoera parekatzen dela salatu du Mendebaldeak. Dena den, Siriako agintariek «gehiegizko indarkeria» erabili dutela biltzen du testuak, eta baita adierazpen askatasuna eta biltzeko askatasuna eskatzen duten herritarrak jazartzeari uzteko eskaera ere. Horrek Moskuk Damaskorekiko jarrera gogortu duela agerian uzten duela uste dute Mendebaldeko herrialde askok. Horrexegatik, negoziatzeko Errusiaren testua oinarri egokia izan daitekeelakoan daude Frantzia, Alemania eta AEBak, besteak beste.
Segurtasun Kontseiluan ezin izan dute Siriako erregimenaren aurkako ebazpenik onartu orain arte, Errusiaren eta Txinaren betoa dela eta. Horiek Libian egindako esku hartzea errepikatzea saihestu nahi dutela argudiatu dute. Errusiak aurkeztu duen zirriborroak ere ez du zigorrik aipatzen, baina Moskuren proposamenetik abiatuta, erakundeko herrialde guztiek onartuko duten testua negoziatzen ari dira.
Frantziako NBEko ordezkariak pozez hartu zuen Errusiaren proposamena hasiera batean. Atzo, ordea, erregimenaren errepresioa eta oposizioaren protestak maila berean jartzea onartu ezinezko puntua zela nabarmendu zuen, eta NBEren arabera, martxotik Siriako armadak 5.000 lagun baino gehiago hil dituela gogorarazi zuen. Segurtasun Kontseiluak Damaskok gizateriaren aurka egin dituen krimenak gaitzetsi behar dituela dio Bernard Valero Frantziako Atzerri ministerioaren bozeramaileak.
Errusiaren urratsei jarraituz, Txinak ere etorkizunean Siriaren aurkako ebazpen bat onartzea nahi du Frantziak. «Segurtasun Kontseiluko kide bakoitzak bere ardurak betetzea espero dugu», adierazi du Valerok Pekinen jarrerari buruz galdetuta.
Ohi baino lasaiago
Ostiralero bezala, eguerdiko otoitzen ostean Bashar al Assad presidentearen aurkako protestak egin zituzten atzo herrialdeko hainbat hiritan, baina ohi baino lasaiagoak izan ziren manifestazioak. Protestak gertutik jarraitu bazituzten ere, soldaduak ez zitzaizkien jazarri manifestariei. Damaskok Errusiaren proposamena onartzen duela esateko modua izan daitekeela uste du oposizioak.
Dena den, atzo protestetan gutxienez 11 lagun hil zituztela jakinarazi du Londresen egoitza duen Siriako Giza Eskubideen Behatokiak, tartean biadin txikiko.
Hims probintzian izan ziren tentsio unerik gogorrenak. Bertan, sei lagun hil dituztela jakinarazi dute bertako koordinazio batzordeek. Hain justu probintziako hiriburuan, Himsen, eguerdiko otoitzen ostean200.000 lagunetik gora bildu zirela diote oposizioko iturriek. Al Assad exekutatzeko eskatu zuten manifestazioan bildu ziren herritarrek. Daran, berriz, hiru lagun hil dituzte, etaDamaskon bat eta Haman beste bat.
Sirian nazioarteak esku hartzea baztertzen du Errusiaren proposamenak
Frantziak dio ezin dela Moskuren testua bere horretan onartu; erregimena eta oposizioa maila berean jartzea kritikatu duSoldaduak ez zaizkie jazarri manifestariei ostiraleko otoitzen osteko protestetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu