Errusia eta Txina berriz ere elkar hartuta mintzatu dira Siriako gatazkaren inguruan. Erabateko babesa agertu diete NBE Nazio Batuen Erakundeak bidalitako 300 behatzaileei, eta Damaskori eta matxinoei exijitu diete kasko urdinen segurtasuna bermatzea. Hong Lei Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaileak indarkeria eteteko eskatu die bi aldeei, eta Kofi Annan mandatari bereziaren sei puntuko bake planari «erabateko atxikimendua agertzea». Aleksandr Lukaxevitx Errusiakoak, berriz, eskatu du behatzaileek herrialde osoa bisitatzeko «trabarik ez izatea». Misioa bertan behera utzi dute, segurtasun faltagatik. Hala ere, oraingoz ez dute Siria utziko. Robert Mood kasko urdinen buruak gaur emanen dio egoeraren berri Segurtasun Kontseiluari.
Hil honen hasiera bereziki gogorra izan da Sirian, borrokak areagotu baitira hainbat puntutan. Baxar al-Assad presidentearen aurkako talde armatuek hainbat eremu kontrolpean zituztela aldarrikatu zuten, eta gobernuak armada bidali zuen horietara. Behatzaileen konboiak hainbatetan tirokatu dituzte, eta Al-Haffehen jendetzak bidea moztu zien. Turkiako hainbat hedabidek argitaratu dutenez, NBEko misioa bere basea Damaskotik Hamara aldatzea pentsatzen ari da. Borroka gogorrenetakoak izan dituen eremua izan da Hama. Russia Today telebistaren arabera, oposizioari egindako keinua litzateke aldaketa.
Obama eta Putin, bat eginda
AEBen eta Errusiaren arteko adierazpenak ere garraztu dira azken egunetan. Barack Obama eta Vladimir Putin elkarrekin bildu ziren atzo Mexikon G20aren bilkuran, eta Siriari buruz hainbat puntutan bat egiten dutela adierazi dute. Bertzeak bertze, «gerra zibila saihesteko prozesu politiko bat» behar dela erran dute biek. Giro horretan argitaratu da Errusiak bi gerraontzi bidali dituela Tartuseko portura, baina Russia Todayk iturri militarrak aipatuz jakinarazi duenez, ontziak ez dira mugitu Sebastopolgo portutik (Ukrainia).
Sirian NBEko behatzaileen lana babestu dute Errusiak eta Txinak
Damaskori eta matxinoei exijitu diete kasko urdinen segurtasuna bermatzea, eta «trabarik ez jartzea»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu