siria

Sirian oposizioak dio su-etenaren ostean gutxienez hogei hildako izan direla

Gaur 06:00etan amaitu da erasoak eteteko Kofi Annanen planean ezarritako epea. Siriako Kontseilu Nazionalak modu baketsuan manifestatzera deitu du.

2012ko apirilaren 12a
19:03
Entzun

Siriako oposizioak salatu du Idleb eta Homs hirietan gobernuaren aldeko indarrek gutxienez hogei lagun hil dituztela gaur, gobernua gaurtik su-etenean egon arren. Siriako Kontseilu Nazionalak modu baketsuan manifestatzera deitu du gaurko.  

Oposizioaren esanetan, "Damaskok trufa egiten dio nazioarteari", su-etenaren ostean indarkeriaren erabilera bertan behera utzi ez duelako. 06:00etan amaitu da erasoak eteteko Kofi Annanen planean ezarritako epea; Damaskok beteko duela esan du.

Siriako telebista ofizialak jakinarazi du Alepo hirian militar bat hil dela, leherketa baten ondorioz, eta eztandak beste 24 lagun zauritu dituela. Siriako Ikasle Askeen Elkarteak salatu du bertan segurtasun indarrek malko gasa jaurti dutela ikasleek egindako manifestaldiaren aurka. 

"Egoerak lasaiagoa dirudi"

Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiaren esanetan Sirian egoerak "lasaiagoa" dirudi. Bertan gertatzen dena "hurbiletik" jarraituko dutela adierazi du. Halaber pazientzia eskatu du, oposizioak salatutako erasoen ildora. Baxar al Assad presidenteari su-etena mantentzeko galdegin dio. "Su-etena oso hauskorra da eta edozein momentutan apur liteke. Beste tiroketa bat nahikoa aitzaki izan liteke borroka pizteko", esan du NBEko idazkari nagusiak. 




 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.