Sirian oposizioak salatu du armada ez dela erretiratzen hasi

AEBek ez dute sinesten Al-Assadek esandakoa; Errusiak behatzaileak berehala bidaltzeko eskatu dio NBEri

Erredakzioa
2012ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Baxar al-Assaden indarrak ez dira hirietatik erretiratzen hasi, oposizioko Siriako Armada Askeak salatu duenez. Armadak hiriak bonbardatzen eta zibilei eraso egiten jarraitzen duela diote matxinoek, eta atzoko erasoetan gutxienez 50 lagun hil zituztela gobernuaren indarrek. Al-Assadek Kofi Annan NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren mandatari bereziaren plana apirilaren 10a baino lehen betetzeko konpromisoa hartu zuen, baina herrialdean nahiz nazioartean presidentearen aurkako ahotsak zabaldu dira, ezer aldatu ez duela salatuz.

AEBek ere susmo txarrez hartu dituzte Al-Assaden hitzak, eta adierazi dute bake plana ezartzen hasi izanaren «frogarik» ez dutela ikusi. «Ekintzengatik epaituko dugu gizon hau, eta ez hitzengatik», esan du Viktoria Nuland AEBetako Estatu Departamentuko bozeramaileak. Washingtonen iritzia ez dator bat Moskuk herenegun esandakoarekin, ErrusiakDamasko txalotu baitzuen Annanen plana indarrean jartzen hasi zela esan ondoren. Bestalde, bi aldeetako pausoak behar direla dio Moskuk. Indarkeria mota oro gelditzea, laguntza humanitarioa helarazteko bermeak eskaintzea, preso politikoak aske uztea eta siriarren helburuak beteko dituen prozesu politikoa abiaraztea biltzen du planak, besteak beste.

Horrez gain, plana betetzen dela egiaztatzeaz arduratuko den behatzaileen misioa berehala bidaltzeko eskatu dio Errusiak NBEri. Behatzaileak Siriara lehenbailehen joan behar dutela dio Moskuk, batik bat su-etena egiaztatu dezaten. Horretarako, NBEren Segurtasun Kontseiluaren ebazpen bat edo baimen bat beharrezkoa dela adierazi du.

Bestalde, Annan Robert Mood Norvegiako jeneralarekin bildu da Genevan. Moodek NBEren ordezkaritza zuzenduko du, eta behatzaileen misioa prestatu beharko du. Gaur, berriz, NBEren Batzar Orokorrean Siriako misioaren berri emango du Annanek. Erakundeko kideak egoeraren berri izatea nahi du NBEko idazkari nagusi ohiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.