Ahmed al-Alwani. Al-Iraqiya Zerrenda alderdiko parlamentaria

«Siriara miliziak bidaltzen ari da Bagdad Al-Assadekin bat egiteko»

Irakeko suniten eta xiiten arteko zauria gero eta sakonagoa da, Al-Alwaniren ustez, eta gobernua eta Iran jotzen ditu horren erantzule; Teheranek herrialdea kontrolatzen duela dio.

KARLOS ZURUTUZA.
Ramadi
2012ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Sirian gerra zibilaren hotsak handitzen ari dira, eta Ahmed al-Alwanik dio Teheran eta Bagdad borroka horretan parte hartzen ari direla Baxar al-Assadi babesa emanez. Irakeko Al-Iraqiya Zerrenda alderdiko legebiltzarkide sunitak bere etxean hartu du BERRIA, sunitek jasaten duten bazterketaz aritzeko, baita Irandik Siriaraino Irak estaltzen duen itzalaren inguruan hitz egiteko ere.

Nola deskribatuko zenuke Iraken gaur egun duten krisi politikoa?

Krisia itzela da, Nuri al-Maliki lehen ministroak Tariq al-Hashimilehendakariordea atxilotzeko agindua eman zuenetik. Parlamentuko bizitza erabat eraldatu du krisiak, baita Irakeko politika ere, oso-osorik. Xiiten eta suniten arteko zauria gero eta handiagoa da, eta, funtsean, horixe zen helburua, bi aldeen arteko zatiketa elikatzea, alegia.

Irakeko sunitek diskriminazioa salatu izan duzue, 2003az geroztik. Egiaz jasaten al duzue bazterketa?

Estatubatuarrek herrialdea inbaditu zutenean suniten kopuruari buruzko gezur bat zabaldu zuten: Iraken %20 besterik ez garela. Teheranek ere ideia hori indartu du bere onurarako. Bada, errolda fidagarrien arabera, %40ra ere bagara sunitok, eta, hori, kurduak kontuan hartu gabe. Erabateko diskriminazioa jasaten dugu, armadan eta administrazioan, esaterako. Gero eta sunita gutxiago daude goi karguetan eta aginte postuetan. 2003an, apaiz sunitek gobernu berriarekin bat ez egiteko agindu zieten jarraitzaileei. Urteen poderioz normaltze prozesu bat egon den arren, hasierako bazterketa hark gaurdaino iraun du.

Zein esparrutan da nabarmenena bazterketa hori?

Esparru orotan da deigarria; batez ere, presondegietan. Bagdaden dauden presoen %95 sunitak dira; errugabeak, horietako asko. Sunita errugabeen atxiloketek helburu bakarra dute: Bagdadeko mapa demografikoa aldatzea, xiitak auzo guztietan nagusi izan daitezen. Hori horrela, desplazatu ugari hartu behar izaten ditugu hemen, Anbar probintzian.

Zenbaterainokoa da Iranen eragina Iraken?

Erabatekoa. 2003az geroztik, Iran era guztietara saiatu da herrialdea kontrolatzen, eta azkenean lortu du. Hasieran herrialdea lehertzea zuten helburu, eta horretarako hamaika miliziari laguntza ematen zien Teheranek, baita Al-Qaedari ere. Iranek ez du inoiz Irak subirano bat nahi izan, eta,gaur egun, Irakeko alderdi politiko xiiten bidez kontrolatzen du gure herrialdea Teheranek. Zalantzarik gabe, Iran eta gobernu koalizioan dauden alderdi politikoak dira egoera tamalgarri honen errudun nagusiak.

Al-Qaedaren eta Iranen arteko lotura hori aipatu duzu, baina Anbar probintzia sunita izan da, hain justu, jihadisten gotorlekurik handiena Iraken.

Edozein erasoren aurrean estatubatuarrek Al-Qaeda aipatzen zuten beti, baina hemen guztiok genekien haietako asko milizia xiitek egindakoak zirela. Bestalde, guk, sunitok akabatu genuen Al-Qaeda Anbarren, Irakeko Semeak egitasmoari esker, eta ez estatubatuarrek. 2006az geroztik, Al-Qaedak ez du estatubatuarren aurka erasorik egin; bai, ordea, gure tribuetako liderren aurka, edota gure irakasleen, abokatuen nahiz ingeniarien aurka. Prestakuntza zutenek Siriara jotzen zuten, bazekiten-eta Al-Qaedak hil egingo zituela bestela. Horrek ere gobernutik kanpo eduki gintuen, horixe baitzen Iranen helburu nagusia hasieratik.

Askok diote milizia sunitek Siriara jo dutela, hango matxinoei laguntzeko. Ezer gutxi entzun dugu, ordea, xiiten balizko parte hartzeaz mugaren beste aldean. Zer dakizu zuk?

Gauza jakina da Siria Iranen aliatu nagusia dela Ekialde Hurbilean, eta, beraz, Teheranek edozer egingo duela Al-Assadek boterean jarrai dezan. Alde horretatik, Anbarren denok dakigu Mehdi miliziako kideak —Muqtada al-Sadr apaizaren eta buruzagi xiitaren talde armatua— etengabe ari direla muga zeharkatzen.

Zer egiten du Bagdadek horren aurka?

Duela hiru hilabete Poliziak Siriara zihoan gizon talde bat atxilotu zuen. Dirua eta arma ugari zeramatzaten euren autoetan. Harrezkero, baina, ez da horrelako beste atxiloketarik egin. Mehdi miliziek Irakeko kontrol gune guztiak zeharkatzen dituzte Siriara bidean, Bagdadek sinatutako baimen bati esker. Horiek ez atxilotzeaz gain, Al-Assadekin bat egiteko miliziak bidaltzen ari da Bagdad Siriara. Aldi berean, arma ugari iristen ari da Irandik Najafeko aireportura [Irak hegoaldean]. Egia esan, ez nau ustekabean harrapatzen, hondamendia izango bailitzateke Teheranentzat Al-Assad erortzea.

Al-Qaeda eta talde armatu xiitez besterik ez duzu hitz egiten. Zertan dira, besteak beste, sunitak ziren Ansar al-Sunna edota Baath alderdi ohiaren jarraitzaile armatuak?

Al-Qaeda jada hilda dago Anbarren. Bestalde, talde armatusunitek estatubatuarren kontra borrokatzen zuten, beraz, euren ekintzak erabat itzali dira horiek abenduan alde egin zutenetik. Adiskidetze prozesua abian da, matxino sunitek ez baitute armei eusteko beharrik. Esango nuke Bagdadeko segurtasun indarrak direla orain eskualdekobizitza gehien hondatzen dutenak.

Suniten bazterketa hori dela eta, Anbar eskualde autonomoa bilakatzea eskatzen ari dira hainbat. Bideragarria iruditzen zaizu?

Irakeko Konstituzioak herrialdearen izaera federala onartzen du, beraz, lege barruko eskaera da gurea. Izan ere, ni neu izan nintzen egitasmo hori bultzatzen lehena, duela urte eta erdi. Anbarreko biztanleok ez dugu erlijioan edo etnikotasunean oinarritutako eskualde federal bat aldarrikatzen. Funtsean, kurduek daukaten autonomia bera lortu nahi dugu. Sunitentzat ez ezik, irakiar guztientzat ere onerako izango delakoan nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.