Siriaren aurkako neurriak hartzeko eskatu diote hainbat potentziak NBEri

Gobernuz kanpoko erakundeen arabera, 500 lagun atxilotu dituzte armada karrikara atera denetik

mikel rodriguez
2011ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Europako potentzia nagusiek Siriaren aurkako neurriak hartzeko eskatu diote nazioarteari. Bashar al Assaden erregimenaren aurka ez du neurri gogorrik hartu nazioarteak, baina azken egunetan hainbat herrialderen adierazpen eta ekimenak ugaritu egin dira. Frantziak eta Italiak NBE Nazio Batuen Erakundeari eta EB Europako Batasunari «neurri gogorrak» hartzeko deia egin diete. Erresuma Batua ere zigorrak ezartzearen aldeko agertu da, eta EBko aliatuekin hori negoziatzen ari dela adierazi du. Alemaniak, berriz, Damaskori oharatazi dio «ondorioak» egonen direla errepresioa gelditu ezean. AEBak ere zigorren bidea aztertzen ari dira.

NBEren Segurtasun Kontseiluan dauden EBko lau herrialdeek, Frantziak, Erresuma Batuak, Alemaniak eta Portugalek, Siriako erregimena gaitzesteko agiri bat egin dute. Joan den asteburuko protestetan gertatutako hilketak ikertzeko ere eskatu dute. Hori guztia atzo zuen eztabaidatzekoa Segurtasun Kontseiluak. Esku hartzeko aukerari dagokionez, NBEren ebazpenik gabe ez dutela halakorik eginen adierazi du Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak.

Erbesteko oposizioa

Hain zuzen, erbestean dauden oposizioko hainbat buruk, berriz, nazioarteari eskatu diote Bashar al Assad presidenteari «presio» egiteko. Istanbulen (Turkian) elkartu dira horiek. Armadako hainbat ofizial errepresioarekin ados ez daudela ere adierazi dute. Siriako 102 intelektualek, berriz, agiri batean erregimena salatu dute, eta protestei sostengua agertu diete.

Azken egunotako errepresioari dagokionez, Siriako giza eskubideen aldeko Sauasia erakundeak dio armada karrikara atera denetik 500 lagun atxilotu dituztela. Herenegun Daran hildakoak hogei izan daitezkeela dio Sauasiak, baina ezin izan du informazio hori berretsi, hiriko komunikazioak etenda daudelako. AI Amnesty Internationalen arabera, 23 lagun hil ziren Daran. Martxoaren 15etik protestetan hildakoak, berriz, gutxienez 393 direla dio AIk. NBEk, berriz, iragan asteburu osoan hildakoen kopurua eman du: gutxienez 107 lagun. Jakinarazi du, ahalber, Giza Eskubideetarako goi mandatari Navi Pillayri Siria bisitatzea eskaini diola erregimenak, «baldintzapean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.