Libano bi bloketan zatituta dagoela agerikoa zen aspalditik, baina igandeko bozen emaitzei erreparatuta, balantza ez dagoela uste bezain parekatuta ondorioztadaiteke. Legebiltzarrerako bozetan lehiatzen ziren bi aliantzen arteko aldea gehienez hiru diputaturena izango zela aurreikusten zuten inkestek; balantzak zein aldetara egingo zuen, baina, ez zegoen batere argi. Siriaren kontra eratutako koalizioa nagusitu da azkenean bozetan, eta espero baino aiseago eskuratu du garaipena. Martxoaren 14 Aliantzak 71 diputatu izango ditu Legebiltzarrean -Mendebaldearen babesa du; Ameriketako Estatu Batuena eta Europako Batasunarena-. Martxoaren 8 Aliantzak, berriz, 57 diputatu eskuratu ditu. Hezbola da koalizio horretako talde nagusia, eta bozetan izandako porrota onartu du. Al Manar telebistako webgunean, «oposizioa oposizio izango» dela aurrerantzean ere baieztatu du talde xiitak.
«Libano demokratikoaren historiarako egun handia da». Saad Hariri Martxoaren 14ko Aliantzako buruzagiak garaipenaren berri izan eta berehalakoan esandako hitzak dira. Etorkizuneko Mugimendua alderdi sunitako buruzagiaren ustez, alta, bozetan ez dela «ez garailerik eta ez garaiturik» izan: «Libano eta demokrazia dira irabazleak». Ualid Jumblat aliantzako buruzagi drusoak, berriz, batasun nazionaleko gobernua eratzeko beharraz mintzatu da, betiere, beto eskubidea kentzeko baldintzarekin.
Batasunerako keinuak
Hassan Fadlala Hezbolako diputatuak elkarlanerako deia egin die gobernua osatzeko ardura izango duten alderdiei: «Libanoren berezitasuna aniztasuna da; ez dago gehiengorik eta gutxiengorik». Michel Aoun jeneral maronitak behin betiko emaitzak jakin aurretik onartu zuen porrota: «Hauteskundeak galdu ditugu; emaitzak onartzen ditugu, eta herriaren borondatea ere bai».
Iazko maiatzean gerra zibila piztear egon zen herrialde batean, berez ahula den bakeari eusteko keinu gisa interpretatu dituzte horrelako hitzak. Libanon hemezortzi komunitate erlijioso daude, eta diputatuen erdiak kristauak izan behar dutela eta beste erdiak musulmanak zehazten du legeak. Behinolako osaketa demografikoa aintzat hartuz egin zen banaketa hori, baina egun errealitatea bestelakoa da; herritarren %35 kristaua da, eta %64 musulmana.
Hezbola, alde horretatik, xiitak nagusi diren ekialdean eta hegoaldean nagusitu da. Beiruten Siriaren kontrakoek 17 diputatu lortu dituzte; aldekoek, berriz, bi. Zatituta dagoen komunitate kristaua nagusi den eskualdeetan izan da, beraz, lehia handiena.
Bi blokeen arteko zirrikitua uste baino zabalagoa izatea izan da hauteskunde hauetako aurreneko ezustekoa, eta parte-hartze handia bigarrena. Orotara 3,2 milioi herritar zeuden deituta bozkatzera, eta horietatik 20.000 atzerritik joandako libanoarrak izan dira. Parte-hartzea %54koa izan da; azken hauteskundeetan baino hamar puntu handiagoa. Alderdiek elkarri leporatu diote atzerrian bizi diren libanoarrei boza ematera joan ahal izateko bidaia ordaindu izana; hegazkin txartela eta hotela barne. Libanon, bestalde, tradizio historikoa da botoak erostea, eta hautesleen artean nortasun agiri faltsuak zituztenak ere izan dira.
Bakea erronka nagusi
Fuad Siniora lehen ministroak dimisioa eman beharko du orain, eta diputatuek exekutiboa osatu. Libanoko sistema konfesionalean aldez aurretik ezarrita dago talde erlijiosoek izango dituzten ministerioak, beraz, exekutiboan ez da aldaketa handirik espero.
Azken lau urteotan bizi izan duen ezegonkortasuna amaitzea izango da orain erronka nagusia Libanon. Rafik Haririren hilketaren ostean ez baita bakerik izan; Siriako tropak orduan erretiratu ziren 29 urteko okupazioaren ostean. Israelek 2006an eraso zion Libanori. Eta iazko maiatzean, gobernuaren eta oposizioaren arteko krisi politikoa gerra zibila eragiteko zorion egon zen. Koalizioa eratuta gainditu zen krisia.
Siriaren kontrako aliantzak uste baino aiseago irabazi du Libanon
Libano demokratikoaren historian egun handitzat jo du Martxoaren 14ko Aliantzak; Mendebaldearen babesa du koalizioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu