«Lehenbailehen, hobe». Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak Siriari buruzko nazioarteko konferentzia bat sustatzeko eginahalean jarraitu du. Hori bihurtu da orain Moskuren xede nagusia. «Proposatzen dugu berehalahastea Siriaren inguruko nazioarteko konferentzia prestatzeko lanean. Gatazka bide baketsuetatik konpontzeko ez dugu Annanen planaren alternatibarik ikusten». Kofi Annan NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren mandatari bereziak iragan ortzegunean onartu zuen bere bake plana ez dela betetzen ari, eta, horregatik, Siriarako harremanetarako talde bat sortzea proposatu zuen. Orduz geroztik, nazioartean bilera eta adierazpen ugari izan dira, plana nola betearazi eztabaidatzeko edo alternatibak proposatzeko.
Horietako bilkura batean,AEBak eta Errusia elkartu ziren, herenegun. Horren inguruko xehetasunik ez du eman Lavrovek, ordea. Atzerri ministroak azaldu du Moskuk proposatutako konferentzia NBEren babespean egin beharko litzatekeela. Parte hartzaileak, berriz, Segurtasun Kontseiluko bortz kide iraunkorrak —AEBak, Erresuma Batua, Errusia, Frantzia eta Txina—, Siria inguruko herrialdeak —Qatar, Saudi Arabia, Libano, Jordania, Turkia, Irak eta Iran aipatu ditu Lavrovek— eta Arabiar Liga, GCC Golkoko Lankidetzarako Kontseilua eta EB Europako Batasuna izan beharko lirateke.
AEBen baldintzak
AEBek ez dute konferentziaren aukera baztertu, baina bi baldintza aipatu dituzte: Baxar al-Assad Siriako presidenteak boterea uztea eta Iranek ez parte hartzea. Al-Assadi dagokionez, Errusiako agintariek aurrez adierazitakoa errepikatu du Lavrovek: «Al-Assadek alde egitearekin siriarrak ados jartzen badira, guk erabaki horren alde eginen dugu». Iran kanpoan uztea, berriz, «gutxienez arduragabea» dela uste du Lavrovek. Atzerri ministroaren arabera, «alde batzuek» ez dute nahi egoera egonkortzea. «Nazioartea atsekabetu nahi dute esku hartzea justifikatzeko».
Siriari buruzko nazioarteko konferentzia berehala hasi nahi du Errusiak
Kofi Annanen plana betearaztea izanen luke helburu goi bilerak, eta NBEren babespean egin beharko litzateke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu