Europako Batasuneko 28 herrialdeetako atzerri ministroek adostu dutenez, "nabarmena" da Baxar al-Assaden gobernuak egin zuela abuztuaren 21ean Damasko kanpoaldean izandako eraso kimikoa, eta "erantzun argi eta irmoa" emateko aukera babestu dute. Hala jakinarazi du gaur Catherine Ashton Europako Batasuneko Kanpo Harremanetarako ordezkariak.
Hala ere, ministroek hitzartu dute eraso kimikoaren zonaldean izandako Nazio Batuen Erakundeko behatzaileen txostenaren zain egotea.
Europako Batasuneko atzerri ministroen "mezu sendoa" eskertu die John Kerry AEBetako Estatu idazkariak: "Oso eskertuta nago Siriari buruzko topaketatik atera den adierazpenarekin". Ministroekin bilduta izan da lau orduz Kerry, AEBetako Gobernuak abiatu nahi duen esku hartze militarra babes dezatela eskatzeko.
Barack Obama Amerikako Estatu Batuetako presidenteak dei egin dio gaur berriz ere kongresuari, Sirian eraso militar bati ekiteko baimena eman diezaion. Horretarako, AEBek eginiko beste eraso batzuetatik desberdindu nahi izan du egoera Obamak: "Hau ez da beste Irak edo Afganistan bat izango. Ez da tropa estatubatuarrik izango lurraldean".
Horren harira, balizko esku hartze baten xehetasunak ezagutarazi ditu: "Egiten dugun ekintza mugatua izango da, bai denboran eta bai neurrian, Siriako Gobernuak berriro arma kimikoak bere herriaren kontra erabiltzea sahiesteko".