MUNDUA

Siriari eraso egiteko oniritzia eman dio AEBetako Senatuko Atzerri Batzordeak Obamari

Aldeko hamar boto eta kontrako zazpi izan ditu ebazpenak, eta datorren astean bozkatuko dute Senatuaren osoko bilkuran. Inkesta baten arabera, AEBetako biztanleen ia erdiek ez dute esku hartze militar bat babesten.

2013ko irailaren 5a
07:57
Entzun

Amerikako Estatu Batuetako Senatuko Atzerri Gaietarako Batzordeak onartu egin du Siriaren kontra eraso militar bati ekiteko ebazpena, baina ez aise. Hamar boto jaso ditu alde ebazpenak, eta zazpi kontra. Batzorde horrek onartuta, Senatuak osoko bilkuran onartu beharko du testua, eta beste horrenbeste egin beharko du Ordezkarien Ganberak.

Ebazpenaren kontra bozkatu dute Alderdi Errepublikarreko bost senatarik eta Alderdi Demokratako bik. Gehiengoa errepublikarrek dute Senatuan.

Senatuak Siriari erasotzeko baimena eman dio Barack Obama AEBetako presidenteari, baina mugak ezarri dizkio; 60 egun iraun beharko luke erasoak gehienera ere, eta beste 30 egunez luza liteke erasoa, AEBetako Kongresuak horretarako oniritzia emanez gero.

Joan den larunbatean azaldu zuen Obamak AEBetako Kongresuari baimena eskatuko ziola Siriaren aurkako eraso bat abiatzeko, erasotzeko "dena prest" bazuen ere.

AEBetako herritarren %48, gerraren aurka

Siriari eraso egitearen kontra azaldu dira AEBetako herritarren %48, eta, aldiz, esku hartze militar bat babestuko lukete %29k. Pew Research Center ikerketa zentroak eginiko inkesta baten emaitza da. Apirilean eginiko inkesta batekin alderatuta, asko jaitsi da esku hartze militar baten aldeko iritzia; %45etik %29ra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.