KURDISTAN

Siriarrek AEBei leporatu diete kurduen matxinada

Dozenaka hildako eragin dituzten istiluetan arabiarrak kurduen aurka armatzea leporatu diote Damaskori

Erredakzioa
2004ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Kurdistanen ostiralean hasitako istiluak Siria osoko hirietara zabaldu dira azken egunotan, eta hildakoen kopurua handituz joan da; asteartean soilik 11 pertsona hil zirela zabaldu dute kurduen ordezkariek. Damaskoko gobernuak herritar arabiarrak kurdistandarren aurka xaxatu eta armatu dituela salatu zuten atzo azken horiek. Siriarrek, ostera, herrialdea nahasteko Estatu Batuek «egositako egitasmoa» aipatu zuten.

Asteartean gehiengo kurdua duten Halab eta Afrin hirietan zortzi herritar hil zituen Siriako Poliziak tiroz. Lekukoen arabera, Polizia kurduei oldartu zitzaien, ehunka manifestarik Halabjako sarraskiaren urteurrena gogoratzeko manifestazioa egin zutenean. Iraken menpeko Kurdistango hiria da Halabja, eta bertan arma kimikoak erabiliz milaka kurdu hil zituzten Saddam Husseinen militarrek 1988. urtean.Damasko hiriburuan gehiengo kurdua duen Zorba auzunean erasoaldia egin zuten Siriako indar armatuek, eta bertan bizi diren gizonezkoetako asko preso eraman zituzten.

Propio sustaturiko istiluak

Liskarrak ostiralean hasi ziren, Kamishli hirian jokaturiko futbol partida batean. Antza denez, Dar el-Zur hiri arabiarreko futbol taldearen jarraitzaileak Saddam Husseinen aldeko oihuak egiten hasi ziren. Bertako taldeko jarraitzaileek «gora Barzani» oihukatuz erantzun zuten, Irakeko Gobernu Kontseiluko ordezkari kurdua goraipatuta. Estadioan ziren 5.000 pertsonen artean liskarrak piztu ziren, eta bederatzi heldu hil ziren: sei, Poliziak tirokatuta, lekukoen arabera, eta hiru haur ere bai, jendetzak zapalduta. Lekukoen arabera, Bashar El Assad Siriako presidentearen irudiak eta haren Baath alderdiaren sinboloak erre zituzten protestan ari zirenek.

Damaskoko zein kurdistandarren ordezkariak bat etorri ziren istiluak propio sustatu zituztela esatean, ez ordea sustatzailea nor den esateko orduan.«Liskarrak kurduen eta Poliziak lagunduriko arabiarren arteko borroka bihurtu ziren», esan zuen atzo Abdel Aziz Daoud Damaskok debekaturik duen Alderdi Kurdu Demokratiko Aurrerakoiko idazkari nagusiak. Beste alderdi kurduetako zuzendaritzek arabiarren eta kurduen arteko gatazka sortu nahi izatea egotzi zioten Damaskori.Siriako prentsak eta agintari erlijiosoek, ordea, istiluak Washingtonek bultzatu dituela esan zuten: «Helburua Siria beldurtzea da eta Irakeko herri anaiaren batasuna eta etorkizuna defenda ditzala galaraztea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.