NSAren analista ohi Edward Snowdenek behin-behineko babes politikoa eskatu dio formalki Errusiari, RIA Novosti berri agentziari Anatoli Kucherena abokatuak jakinarazi dionez. Aurrez, Latinoamerikako herrialde batzuek eskaini diote babesa Snowdeni, baina haraino iristeko planifikazioa egin beharrak denbora behar du, eta bien bitartean Errusian geratu nahi duela adierazi du Snowdenek. Ekainaren 23az geroztik, Moskuko Xeremetievoko aireportuan dago atxikita, ez aurrera ez atzera.
Berri agentziak jakin ahal izan duenez, Snowdenek Errusian egoteko dokumentu berezi bat jaso dezake, hark egindako babes eskaera tramitatzen duten artean. Migrazio Zerbitzuak Snowdenen eskaera aztertuko duela esan du, nahiz eta NSAko analista ohiak ez duen pasaporterik (AEBek baliogabetu zuten Snowdenek egindako filtrazioen harira). Behin eskaera aurkeztuta, lehenengo auzi saioa egin beharko dute bost eguneko epean: eskaera bera aztertzeak hiru hilabete iraun ditzake, eta Migrazio Zerbitzuek beste hiru hilabetez luza dezakete tarte hori.
"Eskaera aztertzea erabakitzen badute, eskatzaileak dokumentu bat jasoko du: horrek haren nortasun agiri gisa funtzionatuko du, eta prozedurak iraun bitartean Errusian gelditzeko eskubidea emango dio", azaldu du RIA Novostiren iturriak. Eskaera, azkenik, onartuko ez balute, Snowdenek erabakia apelatu dezake, eta apelazio horri erantzun bat eman bitartean ezingo du deserriratua izan.