«Soilik beranduegi denean jakingo dugu EBn sartzea Maltarentzat ona den edo ez»

2003ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
EBn sartzearen aurkako kanpaina egin zuen Alderdi Laboristako idazkari nagusi ohia da Fenech. Gainera, Maltako Unibertsitateko Historia fakultateko dekanoa da. Alderdiko kide izaten jarraitu arren, ez du bere burua identifikatzen ez laboristek EBri emandako ezezko borobilarekin ezta Alderdi Nazionalistaren jarrera «sutsuarekin» ere.

Malta da EBn sartuko den herrialde txikiena. Zein dira erronkak halako egitura handi batean sartzeko?

Erronkak asko dira, noski, baina nagusiena izango da guri gehien eragiten diguten erabakien gaineko kontrolari eustea. Oso ongi dago esatea erabaki prozesuko parte izan beharko genukeela kide bihurtzen garenean, baina tamaina eta zenbakiak zailak dira argudioetarako. Beraz, erronka izango da gure indar instituzional txikia erabiltzea zuhurtziaz eta indar osoz.

Maltaren bereizgarrietako bat uharte izaera da, Zipre bezala. Kideekiko harremanean nola eragingo dio?

Uharte bat izatea integrazio mailak alda ez dezakeen baldintzatzaile geografikoa da, hau da; bidaiatzeko erraztasunak eta garraioak integrazioan eragina izaten jarraituko dute. Zipre eta Malta, biak Mediterraneoko uharteak dira, populazio txikikoak. Hala ere, ezberdintasun garrantzitsuak daude. Ziprek, batetik, barne segurtasun arazoa dauka. Baina, bestetik, Greziaren bazkide handia da.

Ona izango da Maltarentzat EBko kide bihurtzea?

Ezin dut esan ona edo txarra izango den. Sartzearen argudio nagusietakoa da dagoeneko EBren patuari sendo lotuta gaudela eta globalizazio garaian hobe dela munduko potentzia baten parte izatea, gure kasa geratzea baino. Baina bestelako abantaila eta ezabantailak igartzea zaila da soilik beranduegi denean jakin ditzakezu. Alderdi Laboristako buruak bozen aurretik esan zuen ez zuela EBn sartzeko ituna sinatuko eta ziur nago ez zukeela egingo. Bere eta EBn sartzearen aurkako alderdiko taldearen argudioa da Maltak bere geroaren kontrola galduko duela. Beraz, EBren 'bazkide' izatea proposatzen du. Bi aldeek adiskidantza harreman bat negoziatzea, bientzat onuragarri izango liratekeen baldintzetan oinarrituta, Maltak kide izateak ekarriko lizkiokeen eskubide eta betebeharrak onartu ordez. Horren atzean arrazoi politikoak daude. Maltako politikariak oso polarizatuta daude, batzuetan justifikazio nahikorik gabe.

Urtero hara joaten diren turistak  bertako populazioaren hirukoitza dira. Arriskurik sortzen dio zuen nortasun eta kulturari?

Bai, noski, horrek eragina dauka. Hala ere, ez nuke esango gure kultura eta nortasuna arriskuan jartzen dutenik. Zenbait arlotan gure kulturarentzat onuragarria da, arkitektura eta ondare artistikoan adibidez, turismoa industriarentzat diru iturria delako. Ingurumena, ordea, kaltetua izan da, turismoa hartzeko azpiegituraren eraginez batez ere. Dena den, historikoki, atzerritarrek gure izaera finkatzen lagundu dute.

Estaturik gabekoak diren beste nazioek ere EBko eskubide osoko kide izan beharko lukete?

Ez nago ziur zure galdera ulertzen dudan. Euskal Herria bezalakoez ari bazara, adibidez, nire erantzuna baiezkoa da. Europako integrazioak nazioak bizirik jarraitzea errespetatuko duela suposatzen da, nahiz eta estatuari nolabaiteko higadura eragin. Estatuen mugak garrantzirik gabeak bihurtzen ari diren heinean, estatuek arrazoi gutxiago izango dute gutxiengo nazionalek beren mugetan sor ditzaketen mehatxuez beldurtzeko. Estatu-nazioak konpontzeko gai izan ez diren arazoak konpontzen lagunduko du EBk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.