KORSIKA

Soilik korsikeraz egin du hitzaldia Talamonik, Korsikako Biltzarreko presidentetza hartu ostean

Discours de Jean-Guy Talamoni, président de l... por France3CorseViaStella

2015eko abenduaren 17a
16:18
Entzun

Eskualdeko hauteskundeetan, lehen indarra izan zen Pe a Corsica hautagaitza irlan. Horren arabera, biltzarreko presidente izendatu dute Jean Guy Talamoni independentista. Korsikeraz egin du osorik hitzaldia, eta osorik euskaratu du Iñaki Etxelekuk:

"Gaur, sekula baino gehiago, Legebiltzar hau demokrazia gune egin behar dugu, non bakoitzak erraten ahalko duen denen onaren alde iruditzen zaiona zer den.

Gure eginbidea izanen da bakoitza entzuna izatea ahalbidetzea, Korsika ahots bakarraz mintzaraztea bilatuz, eginahala. Ez dut dudarik bestearen errespetuak, konbentzitzeko nahikariak eta Korsikaren goren-goreneko interesen zerbitzuko aritzeak bidatuko gaituela.

Ene aldetik, legebiltzar honetako hautetsi guztien presidentea izanen naiz, alabaina.
Baina lehenik, gureen izenean zenbait hitz erran behar ditut; Korsikarentzat frantses tutoretzaren printzipioa inoiz onartu ez duen nazio mugimenduko zatiaren izenean.
1768az geroz, Korsika nazio bat egon dadin etengabe borrokatu diren guztien izenean.

Independentziaren ideia sekula utzi ez dutenen izenean.
Eta gaur, hona iritsi gara, eta irabazle iritsi ere, agurtu nahi ditudan Femu a Corsicako gure anaiekin batera.

Hona iritsi gara ere egiten gaituenarekin eta daramagunarekin.

Hona iritsi gara Korsikako lurretan Frantziako agintariak, gure gisa, beti borrokatu dituzten guztiekin.

Hona iritsi gara Paoliren gudariekin, u Borgun eta Pontenovun erori zirenak; hona iritsi gara Korsikarentzat hil diren Frenteko militanteekin.

Hona iritsi gara Maria Albertini eta Ghjuvan Battista Acquavivarekin.

Hona iritsi gara Korsikako herriarentzat bizia eman duen jende saldo eta isilarekin.
Hona iritsi gara gure presoekin.

Hona iritsi gara barrantatuak diren gutarrekin.

Hona iritsi gara gure sofrikarioak gogoan, akatsak ere, baina gure fede eta zintzotasunarekin.

Hona iritsi gara ama desesperatuen, emazte penatuen malkoekin.

Baina hona iritsi gara gure haurren irriekin, gure baitan dugun gaitzeko esperantzarekin, gure lurrarentzat eta herriarentzat dugun maitasunarekin.
Iritsi gara hona gutar guztiekin, eta eskuaren luzatzera etorri gara.

Korsikar guztiei eskua luzatzera, baina ere gure etxera berriki etorri direnei, adiskide bezala etorri direnak gure destinoaren partekatzeko.
Iritsi gara, joan den igandean, hautatu ez gaituztenei eskua luzatzeko.

Korsikako legebiltzarrean gure ideiak sekula onartu ez dituztenei eskua luzatzeko.

Gure abertzaletasunaren berri entzun nahi ez zuten hautetsi korsikarrei eskua luzatzeko.

Berrogei urte hauetan gure mugimenduaren kontra izan diren korsikarrei eskua luzatzeko.

Baita ere duela hogeita hamar urte, Frantziak ordaindu armekin gure kontra borrokatu zirenen haurrei eskua luzatzeko.
Joan den igandean, gure garaipena tristuraz eta arranguraturik hartu duten guztiei eskua luzatzeko.

Erraten dizuegu : ez duzue kezkatzerik.

Utz ezazue bazterrera beldur hori, gurekin batean etorkizuneko bidean sartzen zaretenok.

Tenorea dugu gure komunitatea berradiskidetu dadin.

Korsika korsikar guztiena da, eta nazio gobernua, XVIIIgarren mendeaz geroztik lehenbizikoa, denena izanen da.
Gurekin lan egiteko, inori ez diogu inoiz eskatuko bere ibilbidea uka dezan, ez eta ere bere ideiak, bere leialtasuna, guhaurrek gure historia, gure ideiak eta elkartasunak inoiz ukatu ez ditugun bezala.
Bihar, denok elkarrekin, denen onaren alde lan eginen dugu.

Bihar, denek elkarrekin, politika berri bat obratuko dugu, hizkuntzaren, lurraren alde, korsikarren zerbitzuko garapen baten alde, justizia sozialaren alde.
Bihar, Korsikako gizarteko ordezkariekin bilduko gara, eremu publiko eta pribatuko langileekin, ofizialeekin, komertsantekin, laborariekin, kultura langileekin, irakasleekin, ikasleekin, langabeekin eta erretiratuekin, sozioprofesionalekin, elkarteekin eta sindikatuekin…

Haiekin bilduko gara egiazko gizarte proiektu baten egiteko, korsikarrekin zabal-zabal partekaturik.
Bihar, elkarrekin joango gara Parisera eta Bruselara, joan den igandean korsikarrek eman diguten indarrarekin ; Korsikako herria ongi bizi dadin eta nagusi izan dadin bere lurrean beharrezkoak diren legezko ahalmenak negoziatuko ditugu.
Bihar, presoen eta barrandatuak direnentzat amnistia lortuko dugu.

Bihar, kartzeletako ateak irekiko dira korsikarrek hala nahi baitute eta herri nahikari horren kontra nehor ez baita joaten ahalko.
Joan den igandean, abertzaleen alde bozkatuz, Korsikako herriak erran du Korsika ez zela beste herrialde baten puska bat baina nazio bat, bere hizkuntzarekin, kulturarekin, ohitura politikoarekin, munduan izateko duen erarekin.
Korsikako herriak nahi izan du abertzale bat izan dadin Korsikako gobernuko presidente.

Nahi izan du ere independentista bat izan dadin Korsikako demokraziaren sanktuarioa den legebiltzar honen presidente.
Umiltasunez, saiatuko gara eman konfiantza horren heinean izaten.

Gure arbasoen idatzi zaharretan maiz atzematen diren hitz hauekin bukatuko dut. Gaur, hitz hauek sekula baino baliosagoak dira : « Zoriontsu bizi zaitezte ! »
Evviva a Nazione,
Evviva a Corsica"

Jean-Guy Talamoni, Korsikako lurralde legebiltzarreko presidentea

2015ko Abenduaren 17an

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.