Irakeko inbasioa

Soldadu estatubatuar bat hil dute Najafen

Najaf hiria su-etenean badago ere soldadu estatubatuar bat hil dute gaur, bera zihoan konboia erasotu dutenean. Bestalde, Irakeko erresistentziak bahituta zituen bi japoniar askatu ditu Al Jazeera telebista kateak jakitera eman duenez. Al-Hilla hirian, berriz, bost irakiar atxilotu dituzte eraso terroristak egin dituztelakoan.

2004ko apirilaren 17a
16:57
Entzun
Su-etenean dagoen Faluja hirian AEBetako soldadu bat hil dute, hura zihoan konboia erasotuta. Han, erietxerako bidea ireki dute soldadu estatubatuarrek. Hiria inguratua zuten soldaduek, eta orain, erietxera bidean dagoen zubia ireki dute.

Muktada Al-Sadr buruzagi xiitak atzerritarrik ez bahitzeko eta bahituak askatzeko eskatu zien atzo irakiarrei. Gaur, bi japoniar askatu dituzte. Ulemen Abadeen Elkarte sunitak bahitzaileekin negoziaketak egin zituela, jakinarazi du. Bagdageko Um al Qura meskitan utzi zituzten bahituak. Oraindik asko dira bahituta jarraitzen duten atzerritarrak. Ez dago zenbat diren ziur esaterik, baina, berri agentziek diotenez, 20 inguru dira.

Bestalde, soldadu estatubatuar eta poloniarrek bost irakiar atxilotu dituzte, eraso terroristetan parte hartu dutela argudiatuz. Al-Hillan egin dituzte atxiloketak.



Bestalde, Irak eta Siriaren arteko mugan borroka gogorrak izan direla zabaldu du gaur Al Jazeera telebista kateak. Haien esanetan, soldadu estatubatuarren muga postua erasotu dute bonba eta granadekin.

AEBek muga hori zainduko zutela iragarri zuten, beraien esanetan, handik sartzen baitziren erresistentziarako indarrak Irakera.

AEBak eta Erresuma Batua NBErekin

AEBetako presidente Jeorge W. Bush eta Erresuma Batuko lehen ministro Tony Blair bilduta egon ziren atzo. Han, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) proposamena ontzat eman zuten. NBEk Irakeko behin-behineko gobernua desegin, eta datorren urtean egingo diren hauteskundeak bitartean, trantsiziorako gabinetea sortzea proposatu zuen.

Hala ere, Irak berreraiki eta han bakea ezartzeko "lana amaitu arte" handik ez dituztela beraien tropak erretiratu esan zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.