Soldadu gehiago gabe Afganistanen porrot egingo duela azaldu du NATOk

Herrialdeko segurtasuna aztertzen ari dira Lituanian bilduta dauden NATOko estatuetako ordezkariak

2008ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
«Afganistango misioak ez du porrotik egin, baina erronka handiak daude». Hitz horiek esan zizkien atzo NATOko idazkari nagusi Jaap de Hoop Schefferrek 26 herrialdeetako Defentsa ministroei. Batez ere Afganistango egoeraz gogoeta egiteko daude bilduta NATOko estatuetako ordezkariak Vilnan (Lituania). Soldadu gehiago bidaltzeko eskaera berretsi zuen Schefferrek. Afganistango armadari laguntza emateaz gain, NATOren misioa indartzeari premiazkoa iritzi dio. Senlis Council ikerketa erakundeak berriki kaleratutako txostenak dio Afganistanera soldadu gehiago bidaltzen ez badituzte NATOren ekimenak porrot egingo duela.

«Terrorismoaren aurkako lehen mugarria da; izan ere, Afganistanen terrorismoa jazartzen ez bada, ondorioak ez dituzte eskualdean bakarrik igarriko, Amsterdamen, Londresen eta Bruselan ere bai». Alabaina, ez dirudi idazkari nagusiaren ahaleginak gaur amaituko den bilkuran nahi besteko saririk lortuko duenik, ez behintzat ordezkarien aldetik eginbide zehatzik. Erakundearen barruan banaketa handia dago Afganistango segurtasuna bermatzeko erari buruz. Pakistango mugan gertatu ohi dira ekintzaile talibanen oldarraldi nagusiak, eta gobernu askok ez dute bertara tropak bidaltzeko arriskurik bere gain hartu nahi. Alemaniak, Frantziak, Espainiak, Turkiak eta Italiak, esaterako, NATOren eskaera arbuiatu egin dute.

Lehengo astean gutun bana bidali zien AEBetako Gobernuak Europakoei Afganistango hegoaldera tropak bidal zitzatela eskatzeko. Atzoko bilkuraren amaieran, Robert Gates Defentsa ministroa baikor agertu zen, baina haren hitzetatik ezin da gobernuen jarrera aldaketarik ondorioztatu: «Badaude Afganistanen jokoan duguna ulertzen duten Europako herrialdeak, baina arrazoi politikoak direla eta lotuta daude, koalizioan edota gutxiengoan dauden gobernuen eraginez». Egunotako jarrera kritikoaerabat leundu zuen eta «sormena» lantzea proposatu zuen: Adibidez, soldadu gehiago bidali ezin dutenek gerra hegazkinak bidaltzea.

NATOren goi bileran Afganistan hizpide den unean, AEBetako estatu idazkaria eta Erresuma Batuko Atzerri ministroa Kabulen izan ziren atzo. Condoleezza Rice eta David Miliband Afganistango presidente Hamid Karzairekin bildu ziren eta han dauden soldaduei babesa eskaini zieten. Ricen hitzetan, «matxinoen aurka egindako borrokak emaitza ona izan du, baina lana ez da amaitu». Afganistango gerra luzea izango dela dio «terroristei ezin baitzaie aise irabazi».

NATOren baitan Afganistango segurtasun misioari buruz sortu den eztabaida baretu nahi izan dute bi agintariek. Horretarako, beste herrialdeei egindako kritika zuzenak baztertu dituzte eta aldarte berean agertu da Karzai presidentea ere. Herrialdean zeregin militarra duten estatuei esker ona agertu die. Halaber, segurtasuna bermatzeko eta berreraikuntza lanetarako «begirune handiagoa ongi etorria» izango dela gehitu du soilik.



EKINTZAILEAK INDARTSU. Talibanak pixkanaka-pixkanaka atzerriko indarrei oldartzeko ahalmen handiagoa dutela erakutsi dute, eta horren adierazgarri da urtarrilaren 14an Kabulgo luxuzko hotel baten aurka egin zuten eraso suizida. Atzerritar zibilak helburu zituen lehen erasoa izan zen, eta herrialdearen kontrola kudeatzeko mendebaldearen asmoa zartatu zuen. 2001eko azaroan hartu zuten mendean AEBek Afganistan. Osama Bin Laden atxilotzea zuten helburu, baina ez zuten lortu. Bitartean, NATOko herrialdeek hildako asko izan dituzte inbasioa izan zenetik.

AEBek Afganistanera 3.000 soldadu gehiago bidaliko dituztela iragarri dute, baina Gatesen ustez gehiago behar dira segurtasuna bermatzeko. «Borroka egitera eta hiltzera» tropak ez bidali nahi izatea leporatu die egunotan AEBetako ordezkariak Europako hainbat estaturi. Erresuma Batuak, Kanadak, Herbehereek, Errumaniak eta Danimarkak, adibidez, bat egin dute AEBen salaketarekin. Indarkeria gune odoltsuenetan dituzte tropak. Kanadak mehatxatu du Kandahar hiritik soldaduak aterako dituela, besteek tropa gehiago bidaltzen ez badituzte. Alemaniak 200 soldadu gehiago bidaliko ditu, arrisku guneetatik kanpo ordea.

Gauzak horrela, NATO bi abiadurako aliantza bihurtzeko arriskua dela dio Gatesek. Senlis Concilen ustez, 2009ko Afganistango presidentziarako bozetan segurtasuna bermatzeko, NATOk soldadu kopurua bikoiztu egin behar du.



ZenBaKIa

%50

Armamentu nuklearra. AEBek jakinarazi dutenez, Gerra Hotzaren garaian zuten armamentu nuklearra erdira jaitsi dute. NBEko Desarmatze Konferentziaren aurrean «lortutako arrakastaz harro» agertu da AEBetako ordezkaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.