Joan den asteko eraso bategatik, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak barkamena eskatu dio Pakistani. Bonbardaketa batean, hiru soldadu pakistandar hil zituzten tropa aliatuek eraso horretan. Anders Fogh Rasmussen NATOko idazkari nagusiak Pakistango Atzerri ministro Sha Mehmud Qureshiri jakinarazi dioenez, soldaduak «nahi gabe» hil zituzten. Halaber, gertatutakoaz damu dela adierazi du; Islamabadeko gobernuari, berriz, halakorik berriro ez dela gertatuko hitzeman dio.
Joan den asteko erasoak herritarren haserrea eragin du Pakistanen. Gobernuak ere gogor kritikatu du NATOren hanka-sartzea, eta erreakzio moduan, nazioarteko aliantzak bere tropak hornitzeko Pakistandik Afganistanera bidaltzen duen konboiari bidea itxi zion asteburuan. Herenegun, berrehun bat kamioi zeuden Khyberko igarobidea noiz irekiko zieten zain. Haietako batzuei su eman zieten ekintzaile talibanek. «Ez dugu onartuko NATOk gure herrialdea erabiltzea Afganistango soldaduak hornitzeko», adierazi du talibanen bozeramaile batek, kamioien su-ematea euren gain hartuz.
Alemaniarrak Pakistanen
NATOk ez ezik, AEBek ere maiz bonbardatzen dute Pakistan, piloturik gabeko hegazkinekin. Islamabadeko gobernuak maiz eskatu dio Washingtoni gisa horretako erasoak bertan behera uzteko, haatik, Barack Obama presidente denetik, ugaritu egin dira AEBen bonbardaketak. Piloturik gabeko hegazkinen azkenengo erasoa herenegun gertatu zen, Ipar Waziristanen. Han zortzi ekintzaile islamista hil zituzten estatubatuarrek.
Pakistango zerbitzu sekretuen arabera, hildakoen artean Alemaniako herritartasuna zuten hainbat zeuden -jatorri turkiarra edo arabiarra zuten Alemaniako ekintzaileek-. Hala ere, iturri independenteek ez dute baieztatu zerbitzu sekretuek zabaldutako informazioa. Europako hiriak alertan daude, atentatu arriskua dela eta.
Soldaduak hil dizkiolako, barkamena eskatu dio NATOk Pakistani
Pakistango soldaduen aurkako erasoa «nahi gabekoa» izan zela argudiatu du NATOko buruzagiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu