EKIALDE HURBILEKO GATAZKA. ERRETIRATZE PLANA

Soldaduen lana oztopatzeko deia egin diete herritarrei kolonoek

Kokagune juduetan ehunka israeldar bildu dira azken egunotan erretiratze plana bertan behera uzteko ahaleginean; legez kanpo dauden israeldarrekin jarrera gogorra izango dela ohartarazi du Armadak

Kristina Berasain Tristan.
KFAR DAROM
2005eko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
«Gush Katifera autoz, autobusez edo oinez iritsiko gara astelehenean. Ez gaituzte kontrolguneetan geldituko. Ezkerretik eta eskuinetik, baina sartu sartuko gara». Yesha Kontseiluko Tzvika Bar-Hairen hitzak dira. Gazako hogeita bat kokaguneetan bizi diren kolonoei sostengua ematera joateko eta soldaduen lana oztopatzen saiatzeko deia egin berri die israeldarrei kolonoak biltzen dituen elkarteak. Ashkelon, Ofakim, Sderot eta Netivot hirietan biltzen ari dira kolonoak elkarrekin kokaguneetan sartu ahal izateko. Gazako erretiratze plana bertan behera uztea dute asmoa. Xede horrekin ehunka herritar abiatu dira egunotan Gazara. Jerusalemetik hegoaldera ateratzen den errepideak erromesaldi laranja dirudi. Gazteak autostopa egiten ari dira bide bazterretan. Errepidean, alta, inoiz baino kontrol gehiago daude. Kissufimgo pasabidea zeharkatzea izango dute oztopo nagusia. Gazako kokagune juduetara sartzeko bide bakarra da Kissufim.

Aaron, Yoshev eta Dorit autotik jaitsi arazi ditu Poliziak. Sderoteko bide gurutzean gelditu dira eserita. «Gush Katifera [kokagune bloke handiena] joan nahi dugu. Lagunak ditugu han eta beraiekin egon nahi dugu egun hauetan». Oinez jarraitzeko asmoa agertu dute. «Nola edo hala baina iritsiko gara». Ofakimen beste kontrolgune bat dago. Kilometro batzuk aurrerago hirugarrena. Zinta laranjak daramatzaten auto guztiak susmagarriak dira Israelgo Armadaren begietan. Bidaiari guztiak geldiarazten dituzte soldaduek. Kazetariak akreditazioa erakutsi eta «enjoy yourself» (ongi pasa) esan diote. Bidean aurrera egiteko arazorik ez.Gazako muga ondoan dagoen moshavnekazaritzaz bizi diren etxe multzoa batean egin diote harrera kazetariari. Amnon etxearen jabeak hurbildu du mugaraino autoan. «Itxoin memento batez, pistola hartu behar dut. Moshav-etik ateratzen naizen bakoitzean eramaten dut nirekin. Palestinarrak daude eta kontuz ibili behar dugu. Nire lagun asko hil dituzte. Haurdun zegoen ama bat bere seme txikiaren aurrean tirokatu zuten buruan. Ondoren barruan zuen haurra hil zuten».Gazatik sartu edo ateratzeko oztopoak izan dituzte beti palestinarrek. Israeldarrak eskubide hori ukatzea zer den sentitzen ari dira egunotan. Israelgo Armadaren baimen berezia behar dute azken egunotan muga zeharkatzeko igande gauetik aurrera ezin izango dute sar-tu. Kissufimgo kontrolgunean auto ilara luzeak daude. Soldaduak eta poliziak erruz zenbatu daitezke. Orotara 53.000 izango dira erretiratze planean parte hartuko dutenak. Gazako kokaguneetan zortzi mila kolono baino ez dira bizi. Gush Katifen egunotan bildu diren israeldarrak 20.000 izan daitezkeela diote kolonoek. Segurtasun iturrien arabera, berriz, 2.700 dira sartu direnak. Gainerako kokaguneetan ere kanpin-dendak jarri dituzte israeldarrek eta erretiratzea oztopatzen saiatuko dira. Israelgo Armadak esan du kolonoekin «ahal bezain zintzo» jokatzera behartuta dagoela, baina ez sostengua ematera joan direnekin: «Infiltratuekin izango dugun jarrera bestelakoa izango da. Legea hautsi dute eta euren helburu bakarra plana bertan behera uztea da. Ez dago negoziatzeko tartea haiekin. Zero tolerantzia izango dugu».

Zisjordaniako kokaguneak

Hava (41) kolonoei sostengua ematera joan da Gazara. Kfar Daromeko kokagunean hilabete bat darama bere bikotekidearekin eta zortzi seme-alabekin. Kfar Darom, Netzarim eta Morag dira Armadak hustuko dituen lehen kokaguneak. Astelehenean hasiko da.

Kfar Darom kanpoaldean kanpin-dendak ezarri dituzte eta ehunka pertsona bildu dira. Zisjordaniako Negohot hegoaldeko kokagunean bizi da Hava. «Sharoni eman nion botoa, hemen gauden beste askok bezala, baina ez du agindu zuena bete. Demokrazia ezaz aritu da eta zatiketa eragin du bere alderdian. Gezurti hutsa da eta umiliatu egin gaitu». Zisjordaniako kokaguneak eta Eki Jerusalem galtzearen beldur da orain Hava.

Zisjordaniako lau kokagune ere bertan behera utziko dituzte datozen asteotan. Geroan beste kokagune batzuk ere hustuko dituztela eman zuen aditzera atzo Ariel Sharon Israelgo lehen ministroak. Kokagune handienei eutsi egingo die, ordea. Haiek handitzea da bere estrategia. Kfar Daromera iritsi berria dela dio Arielek (41). Jerusalemetik abiatu da eta sartzea nola lortu duen galdetuta, azalpena saihestu du: «Hemen nago». «Hemen dagoen jendearekin identifikatzen naiz. Politikaz hitz egin gabe gauzak nola egin diren ez zait demokratikoa iruditzen. Israel, hala ere, munduko herrialde demokratikoenen artean dago».Kolonoak babestera joan eta kanpin-dendetan dauden israeldarrek ez dute kazetariekin hitz egin nahi. Komunikabideek beraiei iseka egiten dietela diote.

«Ez dute nire etxea botako»





azken egunak kokaguneetan. Kfar Daromeko kolonoek oraindik ez dituzte euren etxeak hustu; bi egun besterik ez dira falta erretiratzea hasteko

kristina berasain - KFAR DAROM

Kfar Darom kokagune zaharrena da. 1967. urtean eratu zuten, hain zuzen ere, sei egun iraun zuengerra amaitu eta hilabete gutxira. Gaza okupatzen hasi zen urte horretan Israel. Gush Katif kokagune multzoaren hegoaldean dago Kfar Darom. Hegoaldeko herrixka da bere esanahia hebraieraz. Kissufimgo pasabidea kilometro gutxira dago. Orotara 60 familia bizi dira egun bertan, 330 kolono. Egunotan, baina, hirukoiztu egin dira herritarrak. Morag kokagunean ez bezala, hemen kolono bakar batek ez du orain arte bere etxea utzi. Morag, Netzarim eta Kfar Darom izango dira bertan behera utziko dituzten aurreneko kokaguneak. Israelgo Defentsa ministro Shaul Mofazek kokagune guztiak irailaren 4a baino lehen hustuko dituztela adierazi zuen herenegun. Astelehenean zer gertatu zain daude kolonoak.

Yiraten (19) etxean berrogei pertsona bizi dira egunotan. Atzealdeko belardian kanpin-dendak eta koltxoiak jarri dituzte senide eta lagun guztiei harrera egin ahal izateko. Elad (21) lehengusua duela aste bat iritsi zen. Gedera Rehovoten bizi da Elad. «Herrialde hau maite dut, nire familia eta nire lagunak maite ditut eta memento hauetan beraiekin egon nahi nuelako etorri naiz Kfar Daromera». Etxearen aurrealdean daude familiako hainbat kide. Shabat jaia larunbata ospatzeko prestatzen ari dira. Bero sargoria dago kokagunean eta estalki handi bat ipintzen ari dira mahaiaren gainean. Zuhaitz adarretan lotzen ari dira estalkia. Etxean ospatzen duten azken shabat-a izango den galdetu dio kazetariak Yirati. «Ziur nago ez dela horrela izango. Betiko egongo gara hemen. Ni hemen jaio nintzen eta hemen biziko naiz etorkizunean».Kfar Daromeko eraikin publikoak itxita daude dagoeneko. Bankua, posta bulegoa, liburutegia... Supermerkatua da zabalik dagoen leku bakarra. Yiratek, dena den, asteazkenean egin zituen erosketak. «Janaria erosi dugu. Zer egin dezakegu? Hemen egongo gara». Jende asko ikusten da kaleetan gora eta behera. Ume asko korrika eta gazteak multzoetan hizketan eta jolasean. Loreak eta baratz txikiak daude han eta hemen. Arropak zabalduta. Txirrinduak errepidean botata daude eta aparkatuta dauden auto guztietan zinta laranjak jarri dituzte erruz. Desagertzear dagoen herri bat dela sinestea zaila da. Kfar Darom zaharrena izaki, kokagune honetako kolonoak erresistentzia gehien egingo dutenak izango direla aurreikusten da. Askok, baina, ez dute hitz egin nahi.Meir (27) hurbildu egin da. Kamiseta laranja bat darama soinean. «Hau gure herria da eta hemen egongo gara. Soldaduak guregana etortzen badira, aurre egingo diegu. Ez da hori gure asmoa; gu jende ona gara, bakezaleak, eta soldaduak gure anai-arrebak dira, baina ez gaituzte hemendik aterako. Ez dute nire etxea botako».Yossi (43) itzalean dago eserita. Etxe txikia du, baina ederra. Kfar Daromeko etxe gehienak antzekoak dira. Txikiak, pisu bakarrekoak eta belardi ederrarekin aurrealdean. «Zaila da hemen bizitzea, baina pozik bizi gara». Yossik zazpi seme-alaba ditu eta egun hauek gogorrak izaten ari direla aitortu du: «Mota guztietako sentipenak ditut. Nire seme alabak lasai bizi dira hemen. Kalera jolastera irteten dira ibiltzen ikasten dutenetik. Ezingo nuke nire bizimodua aldatu. Nire bizitza hemen dago. Etxe honetan dago dudan guztia».

«Estatuari zerbitzua»

Hamaika urte dira kokagunera bizitzera etorri zela. «Israelgo estatuari zerbitzu bat emateko erabaki dugu hemen bizitzea. Gazan bizitzea arriskutsua da, palestinarrek nire lagunak hil dituzte, umeak hiltzen dituzte eta hobeto biziko ginateke beste hiriren batean, baina, zerbitzua egiten ari gara Estatuari». Ariel Sharon lehen ministroak atzera egin eta hartu duen erabakia berriro pentsatzea espero du Yossik. «Hau ez da demokratikoa. Hondamendia izango da hau, ez bakarrik guretzako baizik eta munduarentzat. Terrorismo islamikoa indartuko da; izan ere, terroristen bidea sostengatu dute erabaki honekin eta ondorioak larriak izango dira. Terroristen bitartekoak zilegiak direla helarazi dute».

Yossik ez du kalte-ordainik eskatu eta etxea botatzen badiote ez duela nora joan esan du. Israelgo Gobernuak 20.000 eta 30.000 dolar artean emango dio kalte-ordainetan familia bakoitzari. Gazako zeruan gaueko aurreneko izarra agertzearen zain gelditu dira kolonoak Kfar Daromen. Shabat jaia memento horretan hasten da. Bertan pasako duten azkena ez izatea amesten dute.

Planaren bidea luzea





2003ko abenduaren 19a: Erretiratze Plana aurkeztu zuen Israelgo lehen ministro Ariel Sharonek.

2004ko urtarrilaren 11: Tel Aviven 100.000 nazionalista bildu ziren erretiratzea salatzeko.

2004ko otsailaren 14a: Sharonen plana ez sostengatzeko eskatu zion Palestinako Aginte Nazionalak nazioarteari.

2004ko azaroaren 26a: Israelgo Legebiltzarrak Sharonen plana onartu zuen, aldeko 67 botorekin eta kontrako 45ekin.

2004ko abenduaren 20a: «Iraultza zibila» antolatu zuten eskuineko alderdiek, erretiratzea oztopatzeko.

2005eko abuztuaren 15a: Indarrean sartuko da Erretiratze Plana. Hala ere, soldaduek beste bi egun emango dizkiete kolonoei beren kabuz ateratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.