Somaliako armadak milizia islamistaren aurkako «gerra» hasi du Muqdishon

Erasoetan gutxienez 30 lagun hil dira, eta hiriburua urez estali duten uholdeetan dozena bat gehiago

2009ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
«Matxinoen aurkako gerra ofiziala hasi dugu. Ez dugu beraiekin berriro negoziatuko». Abdukalder Mohamed Walayo Somaliako Gobernuko bozeramaileak eman du Armadak milizia islamistaren aurka hasitako erasoaldiaren berri. Muqdisho hiriburuko borrokek ez dute etenik izan azken asteetan; baina Gobernuaren jakinarazpenarekin bat, erasoak gogortu egingo direla dirudi. Atzo, gutxienez 30 lagun hil eta ehun bat zauritu ziren. Hildakoen artean Abdirasak Mohamed Warsame Gadao dago, Shabelle irratiko kazetaria. Lanera zioan, soldaduen eta milizien arteko borroketan hil zutenean. Erasoetan, besteak beste, hogei zibil, bost matxino eta bi soldadu hil ziren.

Iturri ofizialen arabera, erasoak atzo goizaldean hasi ziren. Al Shababen aginduetara dauden muturreko islamistak hiriburuan aurrera egin ahala eta Presidentearen Jauregitik gertu zirela ohartzean, armadari hura babesteko agindua eman zioten. Orduan piztu zen gerra, Somaliako Gobernuaren arabera.

Bestelakoa da matxinoen bertsioa, baina. «Bere buruari Gobernu deitzen dion horrek eraso egin zigun. Eurek hasi zituzten borrokak eta gertatutakoaren erantzukizuna beren gain hartu beharko lukete, horregatik», adierazi du Sheikh Musa Abdi Arralek, matxinoen bozeramaileak.

Giza hondamendia

Islamisten aurkako gerra ofizialki hasi aurretik, Omar Abdirashid Alik, Somaliako lehen ministroak, «pazientzia galdu» zutela ohartarazi zuen. «Ez dugu zertan oposiziokoekin negoziatu, haiek atzerriko ekintzaileen aliatu egiten diren bitartean». Ameriketako Estatu Batuek Al Kaedarekin lotzen dute Al Shabab buru duen milizia. Horien helburua Sharif Sheikh Ahmed agintetik egoztea da; horrek, baina, nazioartearen sostengua du.

Hilaren 8an hasi ziren ekintzaile islamisten eta Gobernuaren aldeko milizien arteko aurrez aurrekoak. Gogorrak izan dira bi aldeen arteko borrokak ordutik: 170 lagunetik gora hil dira hiriburuan bakarrik; zauritutakoak 500 bat inguru dira, eta indarkeriatik ihesi euren etxeak utzi behar izan dituztenak 45.000 bat.

Gerra deklaratuta, ekintzaileek azken asteetan eskuratu duten eremua berreskuratu nahi du Sheikh Ahmeden gobernuak. Borrokek, dena dela, ez dute etenik izan hil honen hasieratik Muqdishon. Eta egoerak okerrera egingo duela jakitun, IGAD Afrikako Garapenerako Gobernu Arteko Aginteak neurriak har ditzan eskatu dio NBE Nazio Batuen Erakundeari. Herrialdea itsasoz eta airez blokeatzea ezinbestekoa dela adierazi du IGADek.

1991n Siad Barre diktadorea agintetik egotzi zutenetik Somalian anarkia da nagusi. Hirutan ahalegindu dira islamistak indarrean den gobernua desegiten, baina nazioartearen laguntzari esker, Sharif Sheikh Ahmedek agintean irautea lortu du; herrialdearen zati handi bat bere kontrol eremutik kanpo dago, hala ere.

Indarkeria, dena dela, Somaliako giza hondamendiaren eragileetako bat da. Lehorteen ondorioz, izan ere, gutxieneko bizi-baldintzak bermatzeko ere zailtasun handiak dituzte herritarrek. Azken egunetan, haatik, uholdeei ezin aurre egin daude Muqdishon; dagoeneko dozena bat lagun hil dira euriteen ondorioz. Hildakoen artean asko haurrak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.