Somaliako bi eskualdetako gosetea herrialde osora zabaldu daitekeela dio NBEk

Egunero 3.000 lagunek zeharkatzen dute muga; Afrikako Adarreko lau estatutan hamabi milioi lagun dira gose

Kristina Berasain Tristan.
2011ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Dadaabera bidean gero eta gehiago dira bazterrean gelditzen direnak. Somaliako mugatik 60 kilometrora dagoen munduko errefuxiatu gune handieneraino iristen direnak, berriz, gero eta malnutrizio zantzu ageriagoak dituzte. Kenyako kanpaleku horretara 1.400 lagun iristen dira egunero-egunero, eta jada 400.000 errefuxiatu ditu, berez 90.000rentzat lekua baino ez duenean. Muqdisho hiriburura bidean ere asko dira azken egunotan hil direnak. Saredo Hilowlek —39 urte— lau seme alabak galdu ditu: «Bakar bat ere ezin izan dut lurperatu, zuhaitz baten azpian utzi nituen». Senarra, berriz, milizianoek hil dute espioia zelakoan.

Somalian azken hogei urtetako egoera makurrenean daude. Bakool eta Baja Shabelle hegoaldeko eskualdetan gosete egoera ezarri du Nazio Batuen Erakundeak. Gosea neurtzeko maila gorena izendatu du, beraz, bosgarrena, eta horretarako umeen heriotza tasa hartu ohi dute ardatz; 10.000 laguneko multzoa oinarri hartuta egunero bi ume hiltzen direnean ezartzen da maila hori, baina jada sei dira egunero hiltzen direnak; %30k dute malnutrizioa. Elikagai eta ur eskasia ere handia da.

Mark Bowden NBEko Somaliarako Giza Laguntzarako koordinatzaileak ohartarazi du goseteak jo dituen herrietan egun bakoitza «hil ala bizikoa» dela: «Orain ezer egiten ez badugu, gosete egoera beste zortzi eskualdeetara zabalduko da, uztak oso txarrak izan direlako eta kutsagarriak diren gaixotasunak hedatzen ari direlako».

UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak, berriz, egunero 3.000 lagunek muga zehartzen dutela jakinarazi du. Kenyan, Etiopian eta Djibutin babesten dira, baina herrialde horietako egoera ez da samurragoa. Afrikako Adarrean hamabi milioi lagun dira gose; Somalian 2,9 milioi, Etiopian 4,5, Kenyan 3,5 eta Djibutin 120.000. Duncan Harvey Save the Childreneko Etiopiako zuzendariaren arabera luzaroan izandako lehorte handiena bizi dute egun zonaldean eta aurki ezer egin ezean milioi bat haur hil daitezke datozen asteetan. Dadaabeko errefuxiatu gunearen inguruetan 300 ume aurkitu dituzte azken egunetan galduta, antza, ama eta aita bidean hil zaizkielako. Somalian dauden desplazatuen kopurua ere egunero handitzen da; 1,4 milioi lagunek utzi behar izan dituzte euren etxeak.

Nazioartearen deia

Egoera latz honen aurrean nazioarteko erakundeak giza laguntza eskuratzeko mezuak luzatzen hasi dira. NBEk 210 milioi euro eskatu ditu «bizitzak salbatzeko». Somaliara bideratu nahi dute dirua, herritarren erdiak baitira han gose —3,7 milioi—. FAO Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak, berriz,120 milioi dolar eskatu ditu premia larrian direnei laguntzeko — Erroman elkartuko da erakundea hilaren 25ean—. Munduan 925 milioi lagun bizi dira gose eta horietatik bi heren zazpi herrialdetan bizi dira; Etiopia, India, Txina, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Bangladesh, Indonesia eta Pakistanen.

Somaliako egoera horren larria bada, beraz, ez da zonaldeak azken 60 urtetako lehorte handiena pairatzen duela, ez bederen horregatik soilik; Said Barre diktadorea 1991ean agintetik kanporatu zutenetik herrialdea erabateko anarkian bizi da. Al Shabab milizia islamikoaren kontrolpean daude eremu asko, hegoaldea eta hiriburua barne, eta agintea erbestean dago —Kenyan babestu da Trantsiziorako Gobernu Federala—.

Al Shabab miliziak duela urtebete giza laguntza sartzeko ezarritako debekua kendu izanak, egoera zeinen latza den ohartzeko balio dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.