Baidoa hirian dagoen Somaliako trantsizio gobernuari sostengua ematera herrialdean sartu diren Etiopiako tropen aurka jihad gerra santurako deia egin zuen atzo Somaliako gerrillari islamikoen buruzagiak. Addis Abebak etatrantsizio gobernuak albistea gezurtatu arren, Etiopiaren esku hartze militarraren inguruko lekukotasun gehiago jaso ziren atzo.
«Somaliako herritarrei Baidoan diren etiopiarren aurkako gerra santuari ekiteko deia egiten diet » adierazi zuen Somaliako Kontseilu Islamiko Gorenaren (SICS) batzorde erabakitzaileko buru Sharif Sheik Ahmed xekeak. SICS egituran batuta daude herrialdearen eremu zabal bat eta Muqdisho hiriburua bera kontrolatzen duten Epaitegi Islamikoen Batasuneko indar militar eta zibilak. 2004. urtean eratutako trantsizio gobernuaren agindupean geratzen den hiri handi bakarra Muqdishotik 250 kilometro ipar-mendebaldera dagoen Baidoa da. Bertara soldadu etiopiar andana iritsi zen herenegun, hiritar batzuek emandako lekukotasunen arabera.
«Etiopiak egin duena agintearen zapalkuntza da eta, beraz, bere tropak erretiratu egin ditzan eta barne arazoetan sudurra sartu ez dezan exijitzen diogu» gaineratu zuen Sharif Sheik Ahmed xekeak: «Etiopiak, bere interesak bermatzearren jarritako itxurazko gobernua sustatzera etorri dira». Indar islamikoen buruzagiak ohartarazi zuen eraso gogorrak egiteko prest daudela: «Etiopiari eskatzen dioguna da herrialde auzo zintzo bat bezala jokatu dezan».
ESKU-HARTZEAZ LEKUKOTASUNGEHIAGO. Somaliako trantsizio gobernuko eledun Abdirahman Mohamed Nur Dinarik «propaganda islamista gezurtitzat» jo zuen herenegun soldaduak hirian sartu izana. Gobernuko segurtasun zerbitzuetako goi arduradun batek, aitzitik, esku-hartze militar mugatu bat egotea aitortu zuen atzo. «Etiopiako Armadako ofizial batzuk hemen [Baidoan] daude gure indar armatuen trebakuntzari laguntzeko» zehaztu zuen anonimoki mintzatu zen arduradunaK. Etiopiako militar hauen kopurua oso mugatua dela ziurtatu ondoren, herrialdea okupatzeko asmorik luketen soldadu etiopiarrik ez dagoela zehaztu zuen.
Etiopiako Armadako hogei eta ehun ibilgailu militar artean sartu ziren herenegun Baidoara. Lekuko batzuen arabera, atzo beste hamar bat kamioi militar sartu ziren material militarra eta elikagaiekin. Baidoa hiriko kuartel batean omen daude aterpetuta soldadu etiopiarrak hainbat informazio iturriren arabera. Addis Abebako gobernuak esku hartze militar bati ekin zaionik ukatzen zuen atzo oraindik ere.
GATAZKA LUZEA. Etiopiaren esku-sartze hau, baina, ez litzateke hainbesteko ustekabea. Addis Abebak, izan ere, behin eta berriro bere sostengua agertu dio Somaliako presidente Abdullahi Yusufi. Erlijio nagusia kristautasuna duen etiopiarrak kezka bizienekin ikusi dute indar islamikoak Somaliaren zati handienaz jabetzen. Somaliako Puntland eskualde autonomoak eta 1991. urtean bere independentzia aldarrikatu zuen Somaliland herrialdeak harreman estuak dauzkate Addis Abebarekin. Etiopian, berriz, somaliarrak gehiengoan diren Ogaden eskualdea burujabetu nahi izan zen 1970. urteen amaieran. Gerra piztu zen hamarkada horretan.
Somaliako gerrillari islamikoen buruak «gerra santua» deklaratu dio Etiopiari
Addis Abebak eta Somaliako trantsizio gobernuak ukatu arren, Etiopiako soldadu gehiago iritsi ei da Baidoara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu