Somaliako hiriburura airetik laguntza bidaltzen hasi da NBE

Hamalau tona elikagai eraman dituzte Nairobitik Muqdishora; datozen hamar egunetan 80 tona eraman nahi dituzteGurutze Gorriak salatu du orain arteko laguntza ez dela nahikoa denengana iristeko

2011ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Egun bateko atzerapenaz, baina azkenean NBE Nazio Batuen Erakundeak posible izan du Somaliara airez laguntza eramateko plana martxan jartzea. Muqdishoko aireportura hamalau tona elikagai ailegatu dira, gosez daudenen artean banatzeko. Asteartean ziren hastekoak, baina Nairobiko aireportuan arazoak izan zituzten, eta ez zieten hegazkina aireratzeko baimenik eman. Datozen hamar egunetan 80 tona elikagai eramateko asmoa du NBEk.

Lehendik ere bidaltzen zuten laguntza, itsasoz, baina elikagaiak ez zitzaizkien 18.000 umeri baino iristen. Somaliako egoera lehenaz gain okertu denetik, ordea, orain artekoa ez da nahikoa. «Laguntza behar duten lagunen kopurua etengabe hazten ari da, eta, horregatik, aire bidezko zubiarekin 30.000 umeri jana banatzea da gure helburua», adierazi du David Orr NBEko Elikagaien Mundu Programako bozeramaileak.

Joan den astean NBEk baieztatu egin zuen gosete egoera zutela Somaliako hegoaldeko bi eskualdetan, Bakool eta Baja Shabellen. Somaliako biztanleen ia erdiak, 3,7 milioi lagun, daude gosez, eta horietatik gehienak hegoaldean bizi dira. Unicefen arabera, gainera, 780.000 umek gosez hiltzeko arriskua dute berehala laguntza jaso ezean.

Dena den, NBEk ezingo du laguntzarik banatu Al Shabab milizia islamistak kontrolpean dituen inguruetan. Miliziak debekatu egiten die NBEri eta beste hainbat erakunderi inguru horietan lan egitea, helburu politikoak dituztela arrazoituz. Bakool eta Baja Shabelle eskualdeak, beharrik gehiena dutenak hain justu, miliziak kontrolatzen ditu.

Egoera larriak bultzaturik, hegoaldetik joaten saiatu dira asko eta asko. Muqdishoko errefuxiatu gunera, esaterako, 100.000 desplazatu joan dira azken bi hilabeteetan, eta zifra hori haziz doa, egunean 1.000 lagun iristen baitira. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, ordea, Muqdishora orain arte ailegatutako elikagaiak ez dira nahikoa hiriburura joaten diren guztientzat. Gainera, «jana eta edana lortu arren, askok ez dute hori eramateko modurik ere», Vivian Tan UNHCRko bozeramailearen hitzetan. Ondorioz, areagotu egin dira laguntza bila joaten direnen arteko liskarrak. «Gure lankideek lehen eskutik ikusten dute desplazatuen etsipena. Gose dira, eta bata bestearen aurka hasten dira Gobernuz Kanpoko Erakundeek banatzen duten janaria lortzeko», dio Tanek.

Beste askok, berriz, muga zeharkatu eta Kenyara edo Etiopiara joatea erabakitzen dute. Egunean 3.000 somaliar inguruk zeharkatzen dute muga,eta asko bidean hiltzen dira gosez edo nekeak jota. Dadaabeko errefuxiatu gunea dago Kenyako mugan, munduko handiena gaur egun. 400.000 lagun baino gehiago daude han, eta egunean 1.300 inguru ailegatzen dira. Gune hori, ordea, 90.000 pertsonarentzat baino ez dago pentsaturik. Hori dela eta, beste errefuxiatu gune bat eraiki dute, Extension Ifo izenekoa.

Kristalina Georgieva Europako Batzordeko Giza Laguntzarako komisarioaren ustez, «erabat funtsezkoa» da nazioarteko laguntza Somalia erdigunera ailegatzea; «Somalian ikusi nuena samingarria da. Familia osoak Etiopia zeharkatzen». Europako Batzordeak 27,8 milioiko diru laguntza emango duela iragarri du Georgievak—aurten jada 70 miloi eman ditu—. Europako Batasunak, guztira, 217 milioi euro eman dizkio aurten Somaliari. Munduko Bankuak, berriz, 348 milioi euro erabiliko ditu Afrikako Adarreko biztanleei laguntzeko.

Laguntza ez da nahikoa

Somalia ez da egoera zaila pasatzen ari den bakarra. Hegoaldeko Sudanen, Djibutin, Eritrean, Etiopian eta Kenyan ere arazo larriak dituzte gosea dela-eta. Afrikako Adarrean azken 60 urteetako lehorterik handiena ari dira jasaten, eta guztira hamaika milioi lagun daude arriskuan.

Gurutze Gorriaren arabera, orain arteko laguntza ez da nahikoa «inondik inora» Afrikako Adarrean beharra duten hamaika milioi lagun horiengana iristeko. Erakundearen arabera, 3,2 milioi kenyarrek «berehalako» laguntza behar dute, eta bost urtetik beherako 385.000 umek malnutrizio akutua dute. «Artzainek ganadua hiltzen ikusten dute larrerik ez dagoelako, eta hori oso larria da, inguru askotan ganadua delako diru iturri bakarra», adierazi du komunikatu batean Accion Contra el Hambre gobernuz kanpoko erakundeak.

Goseteaz gainera, malaria, elgorria eta kolera zabaltzen ari dira. OME Osasunerako Mundu Erakundeak elgorriaren aurkako txertoa jartzeko kanpaina hasiko du Dadaaben, Unicefekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.