Somaliako

Zibilek giza eskubideen urratze sistematikoak jasaten dituzte Somalian; Amnesty Internationalek eraso horien erantzule egiten ditu matxinoak, baina baita Etiopiako eta Somaliako soldaduak ere.

2008ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Ooinazeak hilko nau». Qorranek 56 urte ditu, eta Somaliako Muqdisho hiriburuan bizi da. Ikatz bila atera zen egun hartan, bere etxearen aurka granadak jaurti zituztela du gogoan Qorranek. «Itzuli nintzenean ez nuen nire etxea aurkitu». Ez etxea, ezta bertan zeuden senarra eta seme-alabak ere. AI Amnesty International giza eskubideen aldeko nazioarteko erakundeak Somaliako gatazkaren ondorioak jasan dituzten lekukotasunak jaso ditu argitara eman berri duen txostenean. Bertan salatzen duenez, herritarrek giza krisia eta giza eskubideen urratze larriak pairatzen dituzte. Horien erantzule egiten ditu alde batetik matxinoak, baina baita Etiopiako eta Somaliako Gobernuak ere.

«Somaliako herritarrek hilketak, bortxaketak eta torturak jasaten dituzte, eta lapurretak ohikoak dira», salatu du Michelle Kagari Afrikako AIko zuzendariordeak. Etiopiako soldaduei egozten diete gehiegikeria larrienak egitea. Erakunde horrek jasotako lekukotasunen arabera, soldaduek maiz egiten dituzte sarraskiak. Askori lepoa mozten diete: «Ahuntzak hiltzen ari direla dirudi». Halaber, biktima askoren gorpuak kalean botata gelditzen direla dio AIk. Ondorioz, soldaduen eta talde armatuen arteko borrokak amaitu arte ezin izaten dituzte jaso senitartekoek biktimen hilotzak.

Eskolatik etxera itzultzean, aita burua moztuta aurkitu zuela azaldu du, besteak beste, 15 urteko neskato batek. Hilketaren erantzule Etiopiako soldaduak egiten ditu. Etiopiak, ordea, ukatu egin du eraso horiek egin izana.

«Etiopiako soldaduek eta Somaliako Gobernuak egindako erasoetan zibilak izaten dira jomuga maiz», adierazi du Michelle Kagarik. Haboon, Muqdishoko 56 urteko emakume batek azaldu duenez, soldaduek bizilagunaren alaba bortxatu zuten. 13 eta 14 urteko bi anaiek aurka egin zietenean, Etiopiako soldaduek jipoitu egin zituzten, eta begiak atera zizkieten baionetarekin. Haboonen arabera, alaba koman dago jasandako lesioengatik. Egunetik egunera egoerak okerrera egiten du Somalian, hala ere, egindako gerra eta gizateriaren aurkako krimenengatik ez du inork erantzun.



SEGURTASUNIK EZ. Muqdishoko auzune askotan segurtasun gabezia nabaria da. «Doazen tokira doazela ere, ez dago zibilentzat segurtasunik. Hiriburutik ihes egiten dutenei bidean egiten diete eraso; eta harrera eremu batera iristeko zortea izan dutenek, berriz, indarkeria eta bizi-baldintza tamalgarriak jasan behar dituzte», azaldu du Kagarik. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, iaz 700.000 lagunek egin behar izan zuten ihes Muqdishotik. AIen arabera, Somaliako behin-behineko Gobernuari dagokio herritarren eskubidea bermatzea. Alabaina, Gobernu horri sostengua ematen dion Etiopiako armadak ere nazioarteko arauen arabera jardun behar duela dio txostenak.

Somalian milioi bat lagun inguru daude desplazatuta, eta ehunka mila berriz iheslariak dira. Iaz 6.000 zibil hil ziren borroketan. Horregatik, AIk uste du, Somaliara bidalitako Afrikako Batasuneko soldaduek ez dutela gaitasunik herritarrak babesteko. Hori dela-eta laguntza eskatu dio nazioarteari.



«Somaliako herritarrek hilketak, bortxaketaketa torturak jasaten dituzte,eta lapurretak ohikoak dira»

«Etiopiako soldadueketa Somaliako Gobernuak egindako erasoetan zibilak izaten dira jomuga maiz»

michelle kagari
AI amnesty internationaleko zuzendariordea afrikan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.