Al Shabab milizia islamistak argi utzi du oraindik martxan jarraitzen duela Somaliara laguntza eramatea helburu duten nazioarteko erakundeei jarritako debekuak. «Bere egunean debekua jarri genien erakundeei inoiz ez diegu baimenik eman gure kontrolpean dauden inguruetan lan egiteko», adierazi du Ali Mohamud Rage miliziako bozeramaileak; «eremura sartzen utzi diegun erakundeak ez zeuden debekatutakoen zerrendan».
Al Shabab miliziak koltrolpean du Somalia hegoaldeko zatirik handiena. Duela bi urte ezarri zuen debekua, ingurura laguntza eramatea aitzakia baino ez dela arrazoituz. «Espiak dira, eta helburu politikoak dituzte», esan du Ragek. PMA Elikagaien Mundu Programa, OMS Osasunerako Mundu Erakundea eta UNICEF Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsa dira debekua jaso zuten erakundeetako batzuk.
NBE Nazio Batuen Erakundeak aste honetan iragarritako gosete egoera ere ukatu egin du Al Shababek. «Hemen lehortea baino ez dago. Nazioarteko erakundeak egoera manipulatzen ari dira». NBEren arabera, ordea, Bakool eta Baja Shabelle eskualdeetako biztanleak — Somaliako populazioaren erdia ia— gosete egoera larrian daude; 500.000 umek elikadura urritasuna dutela salatu zuen, eta 10.000 biztanletik bi heldu eta lau ume hiltzen direla gosez egunean —joan den hemeretzi urteetako egoerarik larriena da, NBEren arabera—.
Unicefek, gainera, areagotu egin du NBEk hasiera batean emandako zifra, eta 780.000ra igo du Somalian gosez hiltzeko arriskua duten umeen kopurua. «Bizitzak salbatu nahi baditugu, orain da zerbait egiteko garaia», adierazi du Shanelle Hall Unicefeko hornidura zuzendariak. Erakundeek, ordea, zailtasun handiak dituzte somaliarrei laguntza emateko, eta, kasurik onenean ere, 240.000 umeri baino ez zaie laguntza iritsiko, aurrikuspenen arabera.
Erakundeek dituzten zailtasunak ez dira Al Shababek jarritako debekuetara murrizten; ekonomiak ere asko mugatzen ditu. Datozen sei hilabeteetarako ehun milioi dolar beharko dituela kalkulatzen du Unicefek. NBEk, berriz, 1.900 milioi dolar eskatu zizkien bere kideei, Etiopia, Kenya eta Somaliari laguntzeko; oraindik erdia baino gutxiago jaso dute. «1.000 milioi dolarreko zorra dugu», adierazi zuen ostegunean NBEko Giza Arazoetako idazkari nagusiak.
NBEk lanean jarraituko du
Debekuak debeku, NBEren barneko giza agentziek «ahal duten lekuetan» lanean jarraituko dutela adierazi dute. «Egoera oso larria da, beraz, beharturik gaude lanean jarraitzera», esan du Emilia Casella PMAko eledunak. Hala, laguntza banatzen dutenen segurtasuna bermatzen den heinean, eta elikagaiak gehien behar dituztenengana iristen direla kontrolatzeko modua dutenean, jarraitu egingo dutela jakinarazi du PMAk.
Hala, aire bidez laguntza zabaltzen saiatuko direla jakinarazi dute, Muqdisho hiriburuarekin zubia osatuz. Dena den, lehorretik bide berriak ere irekiko dituzte; «somaliarrak oso ahul eta gaixo daude laguntza bila joateko, hortaz, guk eraman behar diegu».
Gosetea gutxi balitz, Al Shababek eta Somaliako beste hainbat miliziak eskoletatik eta familietatik umeak errekrutatzen dituela salatu du NBEk, gero soldadu egiteko. Radhika Coomaraswamy NBEren ordezkaria kezkaturik agertu da, gainera, Dadaadeko (Kenya) errefuxiatu gunean bizi duten egoera larriarekin. Egunean, Somaliako 1.500 errefuxiatu jasotzen dituzte gune horretan, eta horrek erraztu egin dezake umeak errekrutatzea, Coomaraswamyren arabera.
Somaliara atzerriko laguntza eramateko debekua bere horretan dela dio miliziak
Unicefen arabera, 780.000 ume daude gosez hiltzeko arriskuan; Al Shabab miliziak ukatu egin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu