Sorlekuan, bigarren mailakoak

Urtero legez, Lurraren Eguna borroka eguna izan da lurren konfiskazioa salatzera ateratako milaka palestinarrentzat. Herritar bat tiroz hil dute Gazan; 20 bat zauritu eta 30etik gora atxilotu ditu Israelgo armadak.

Ane irazabal
Ramallah
2012ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Jerusalem da palestinarrok sufritzen dugun lurren konfiskazioaren egungo adierazle, eta, horregatik, Jerusalem da gaurko protagonista». Horrela adierazi zuen Hamoudi izeneko ekintzaileak atzoko egunaren esanahia.

Ideia horri jarraituz, aurtengo Lurraren Eguneko manifestazioen helburua hiriburura iristea izan zen. Jerusalemerako Martxa Globala ekintza ere egin zen atzo: Palestinako eta mundu zabaleko milaka ekintzailek Israelen desjabetze politika salatu zuten, hainbat martxaren bidez.

Ekintzak izan zuen oihartzunaren ondorioz, ehunka polizia zabaldu zituen Israelek Jerusalemgo Ekialdeko auzoetan eta hirigune zaharrean. Ostirala izanda, Al-Aqsa meskitaren inguruetan piztu ziren tentsioak, poliziak gizonezko gazteei sartzea debekatu ondotik. Damasko atearen inguruetan ere zaldi gaineko poliziek indarrez sakabanatu zituzten manifestariak. Hogei palestinar inguru zauritu ziren eta beste hogeita hamar atxilotu zituzten, Haaretz egunkari israeldarraren arabera.

Baina protestarik gogorrenak Gazan izan ziren. Gizon bat tiroz hil zuten Eretz sarbidearen inguruetan. Al-Jazeerak jasotako testigantzen arabera, Israelgo armadak eta frankotiratzaileek munizio erreala erabili zutela salatu zuten Gazako medikuek. «80 herrialdek Jerusalemera hurbiltzeko saioa egiten dutenean, mezu argi bat bidaltzen ari zaizkio okupazioari», adierazi zuen Ismail Haniyeh-ek, Hamaseko liderrak.

Kalandiako kontrolgunean, hogei lagun zauritu zirenprotestetan. Horien artean, Mustafa Barghouti politikaria. Manifestazioaren aurretik, zera adierazi zion BERRIAri: «Herrialde arabiarretako iraultzek lehen intifadak bultzaturiko indarkeriarik gabeko erresistentzia izan dute inspirazio iturri. Orain, gure udaberria izateko garaia iritsi da».

Ehunka lagunek Ramallahetik Kalandiarako ibilbidea egin zuten eguerdian. Alderdi askotakobanderak ikusi ahal izan ziren manifestazioan, baina aldarrikapenek bat egin zuten aldi honetan. «Gaur ere okupazioari ozen esango diogu ez dugula onartuko gure eskubideak lapurtu diezazkigun», adierazi zuen Moussa goitizeneko gazte batek. Hala ere, soldaduek negar gasarekin eta gai kimikoz osaturiko ur zorrotadekin sakabanatu zituzten manifestariak, kontrolgunera iritsi baino lehenago.

Palestinarrekin bat eginez,AEBetako Occupy Oakland mugimenduko zenbait kide izan ziren protestan: «Borroka bat baino gehiago dituzte palestinarrek parez pare, okupazioaren aurka borrokatzeaz batera, guztiz ustelduta dauden Hamasen eta AlFatahen aurka egiten ari direlako», esan zuen Scott Cambell ekintzaile estatubatuarrak, zeina Ramallahen bizi den. «Manifestazioen gainetik ez dut estrategia garbirik ikusten. Geldialdiko egoera larria dute».

Israelek Zisjordania «itxiko» zuela iragarri zuen aste osoan, eta segurtasun arrazoiak argudiatuz, esandakoa bete zuen. Halere, lurralde okupatuetako gainontzeko hirietan ez zen protesta nabarmenik gertatu. Betlemen, 300 izeneko kontrolgune nagusira hurbiltzen saiatu ziren manifestariak, baina aldi horretan Palestinako Poliziak geratu zuen martxa. Palestinako Aginte Nazionalaren kontrako oihuak Israelen aurkako aldarrikapenen parekoak egin ziren orduan. Hamar zauritu utzi zituen manifestazioak.

Lurraren Eguna egun adierazgarria da Palestinako gatazkaren historian. 1976ko martxoaren 30ean palestinarren lurrak konfiskatzearen aurka greba egiten ari ziren sei lagun hil zituen Israelgo Poliziak Galilean. Geroztik, Israel barruko palestinarren erresistentzia sinbolo bilakatu da Lurraren Eguna, baita itzultzeko eskubidea aldarrikatzen duen diasporarena ere.

«Munduari gogoratu nahi diogu Israelek bultzaturiko judutze prozesuak aurrera jarraitzen duela. Gure arbasoen lurrean bizi garen arren, Israel barruko palestinarrak ez gara eskubide osoko herritarrak». Muna Jarrak 20 urte ditu, eta Nazareteko ekintzailea da. Galilean martxoaren 30a dolu eguna dela nabarmendu du: «Palestinarrak garela aldarrikatzen jarraituko dugu».

Jerusalemerako Martxa Globala izeneko ekitaldiarekin bat eginez, arreta berezia jarri zen herrialde arabiarretako ekintzaileen elkartasun protestekin. Israelek ere berebiziko segurtasun neurriak zabaldu zituen mugetan. Denen oroimenean zeuden iaz Nakhba egunean (hondamendia) Libanoko eta Siriako mugetan hil zituzten hogei palestinarrak. Jordanian eta Libanon elkartasuna erakusteko manifestazioak egin ziren arren, Israelgo mugetara hurbiltzeko saioarik gabe amaitu zen Lurraren Eguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.