Iazko uztailaren 3ko estatu kolpeaz geroztik, Egiptoko pertsonarik boteretsuena da Abdel Fatta al-Sisi mariskala. Izan ere, militarrek ezarritako erregimen batean, Defentsa ministro eta armadaburu izatea ez da txikikeria bat. Baina Al-Sisik Egipton duen eragina botere hutsetik harago doa: nonahi ikus daiteke mariskalaren aurpegia, hauteskundeetarako afixetan, baina baita souvenir dendetan saltzen diren elastikoetan, postaletan edo bonboietan ere. Istiluek, sarraskiek eta miseriak itotako herri batek besoak zabalik hartu du Al-Sisiren agintea —azken inkestetan behera egin duen arren, %51ek baino gehiagok buruzagi militarraren alde emanen luke botoa—, egonkortasuna bermatuko duelakoan.
Esperientzia zabala du mariskalak taktika militarretan. 23 urterekin lortu zuen zientzia militarren titulua Egiptoko Akademia Militarrean, eta horren ostean, eliteko entrenamendua jaso zuen AEBetako Army War College zentroan.
Al-Sisiren erreferente nagusia beste militar bat da: Gamal Abdel Nasser koronela. 1952an eman zuen estatu kolpea Nasserrek, Erresuma Batuaren kolonialismoaren kontrako protestak abiapuntutzat hartuta. Aldeak, ordea, nabarmenak dira: langileen eskubideak bermatu eta Egiptoko gizartea irauli zuen Nasserrek. Al-Sisik, berriz, fusilen hotsa lehenetsi du, eta horretan oinarritu du bere agintea, oraingoz.