Inuiten alderdiaren esku geratu da Groenlandia burujabeago baten gidaritza. Aurreikuspenak betez, Inuit Ataqatigiit (Inuit Komunitatea) ezkerreko alderdiak botoen %43,7 eskuratu zituen, Legebiltzarrerako hauteskundeetan, herenegun. Horri esker, orain artean zituen eserlekuen bikoitza izango du hemendik aurrera; hamalau, hain zuzen.
Azken 30 urtean agintean egon diren sozialdemokratak bigarren postuan geratu dira. Botoen %26,5 eskuratu ditu Siumut (Aurrerantz) alderdiak. Eta legebiltzarkide bat galtzea esan nahi du horrek: hamar beharrean, bederatzi izango dituzte parlamentu osatu berrian. Era berean, galera izan du harekin koalizio gobernua osatzen zuen Attasut (Komunitate Sentipena) alderdiak. Orain artean zituzten eserlekuen erdiak izango dituzte: seiren ordez, hiru.Hiru galdu ditu Demokraatit (Demokratak) talde politikoak ere, eta laurekin geratu da. Hori da Danimarkaren menpe jarraitu nahi duen bakarra.
Independentziaren alde
Gai hori ez da izan bozetarako erabakigarria. Inuit Ataqatigiit eta Siumut ideologikoki oso gertukoak direla diote adituek. Demokratak salbu, talde politiko guztiak dira Groenlandia independentearen aldekoak. Sozialdemokratak izan ziren bide horretan lehen urratsa egin zutenak, gainera. Siumut alderdiak sustatu zuen abertzaletasunaGroenlandian, 1970eko hamarkadan. Eta mugimendu horri esker aitortu zion Danimarkak autonomia kolonia izandakoari.
Bide horretan azken urratsa dirudiena, berriz, hil honetan bertan jarriko da indarrean: ekainaren 21ean. Orduan helduko diote iazko abenduaren 27an erreferendum bidez onartu zuten autonomia estatutu berriari. Groenlandiarren %75ek egin zuten horren alde; independentziari ateak parez pare zabaldu zizkioten. Danimarkaren menpe jarraituko badu ere, uhartean groenlandiera izango da hizkuntza ofiziala, eta Polizia, Justizia, mugako kontrolak, aire garraioa eta espetxeetako politika Nuuken -Ghodtab hiriburuaren izena, inuiteraz- eskumenak izango dira. Bide beretik, natur baliabideetatik lortutako irabaziak 56.000 biztanleko irlan geratuko dira. Zenbat zehazki ez dakiten arren, diru asko da hori. Gaur egun Groenlandia azpian Saudi Arabiak duen petrolio kopuruaren erdia dagoela uste dute adituek; hots, 110.000 milioi tona. Uhartearen %80 estaltzen duen izotzak horrez gain, urrea eta zinka ustiatzea zail egiten du. Baina aurrera begira, klima aldaketaren ondorioz, horietara iristea posible izango dela uste da. Horrek ekonomian buruaski egingo luke Groenlandia; egun arrantzatik eta Kopenhagek ematen dizkion diru laguntzetatik bizi baita.
Hori guztia testuinguru duela agindu beharko du inuiten alderdiak. Baina horretarako koalizio gobernua osatu beharko du. Kuupik Kleist liderrak koalizio zabalaren aldekoa dela jakinarazi du jada. Baina baita sozialdemokratek bertan tarterik ez dutela izango ere. «Inuit Ataqatugiiten buru ni naizen artean, ez dut Siumutekin elkarlanean jardungo». Kanpainan behin eta berriz baliatutako argudioari eutsi dio Kleistek. Ustelkeria leporatu die buruzagi sozialdemokratei. Diru publikoa bidaiatzeko, afaritarako eta parrandan erabili izana egotzita, lau hilabeterako kartzela zigorra ezarri zioten Etxebizitza ministroari, Jens Napaatooqiri.
Adituen arabera, hori izan da boto-emaileen jarreran eragin handiena izan duen argudioa; finean, sozialdemokratak kondenatu dituena. Bestalde, gizarte arazoak izango ditu lehentasun gobernu berriak.Hala agindu zuten kanpainan. Uhartearen ekialdean, ekonomikoki gutxien garatua dagoenean, egoerak okerrera egin du azken urteetan. Gora egin dute sexu gehiegikerien inguruko salaketak eta alkoholismo eta suizidio kasuak.
Sozialdemokratei irabazi diete inuitek Groenlandian
Hilaren 21ean indarrean jarriko den autonomia estatutuarekin, uharte burujabeagoa gidatu beharko dute inuitek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu