munDUA

Sozialdemokratek irabazi dituzte Greziako bozak, gehiengo osoz

300 parlamentarietatik 160 lortu ditu Pasok-ek. ND Demokrazia Berria eskubiaren partez jarriko da gobernuan. Karamanlis orain arteko lehen ministroak dimisioa eman du NDko buru gisa.

2009ko urriaren 5a
18:28
Entzun
Greziako Legebiltzarrerako hauteskundeetan botoen %98,96 zenbatuta dutela, Pasok (Mugimendu Sozialista Panhelenikoa) alderdi sozialdemokrata izan da irabazlea, %43,94ko babesa lortuta eta 160 parlamentari. Hala, gobernuan jarriko da, ND Demokrazia Berria eskubiaren partez, eta Giorgos Papandreu izango da lehen ministroa.

Parlamentuan, gainera, gehiengo osoa izango dute, 300 diputatuk osatzen baitute legebiltzarra. Hala ere, lan handia edukiko du Pasok-ek boto-emaileei agindutakoa betetzen. Izan ere, Greziako ekonomia kinka larrian dago; ustelkeria praktika arruntegi bihurtu da.

ND Demokrazia Berria eskubia geratu da bigarren atzoko hauteskundeetan: %34,4, 91 parlamentari. Kostas Karamanlis orain arteko lehen ministroak dimisioa eman du NDko buru gisa.

Ondoren: KKE komunista (%7,5; 21), Laos eskuin muturrekoa (%5,6; 15), Syriza ezkerreko koalizioa (%4,6; 13). Berdeek ez dute erdietsi Legebiltzarrean sartzeko gutxienekoa -%3koa da-: %2,5.

Parte-hartzea %70,9koa izan da. Duela bi urte, %74koa.

Aurreikusi baino bi urte lehenago egin dituzte bozak. Egoerak, izan ere, horretara behartu ditu orain arte agintean egondakoak: oposizioaren kritikak isiltzeko asmoz, herrialdearen geroa herritarren esku uztera. Karamanlisen gobernuak egindako lana, baina, ez da gizartearen gehiengoa alde mantentzeko modukoa izan.

Pasok-en asmoak

Ekonomia suspertzeko diru partida publikoak egiteko prest dira sozialdemokratak. Zazpi mila milioi euroko bultzada ekonomikoa agindu du, Greziako defizit publikoak neurri horrek ekar ditzakeen arriskuak agerian uzten baditu ere. Aurten Greziak %7ko zor publikoa izango duela diote aurreikuspenek; eta gauzak dauden moduan, datorren urterako egoerak okerrera egingo duelakoan daude adituak. Izan ere, Europako Batasunak ezarritako muga ere gainditu du dagoeneko. Maastrichteko Itunak dio estatuaren galera gehienez %3koa izan behar dela.

Defizitari aurre egiteko aberatsei zergak igoko dizkiela agindu du Pasok; erdi mailako herritarrei, bestela, zerga-zama handiagorik ez diela ezarriko agindu du. Boto-emaileek, baina, hutsean geldituko diren promesen usaina hartzen die halakoei. Behin agintera iritsita, sozialdemokratek eskuineko politikekin jarraituko dutelakoan daude.

Egoera ekonomiko larrian dago Grezia. Langabezia tasa %9koa da -gazteen artean %23koa zen 2007an-. Herrialdeko ekonomiak egiturazko arazo larriak ditu, eta eraikuntza eta turismoaren sektoreak behera ari dira egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.